- UGTEuskadi - https://ugteuskadi.net -

Ikuskizunen sektoreko sindikatuok erasoari berrekingo diogu patronalaren jarrera otzanari erantzuteko

Pasa den maiatzaren 15eko greba-egunean ikuskizunetako eta ekitaldietako sektoreko langileen batasun eta indar erakustaldia nabarmena izan zen. Beraz, ukaezina da lehenbiziko greba-egun horren arrakasta. Ordea, hitzarmena negoziatzen dugun sindikatuok agerraldi berri bat egiteko beharra ikusi dugu. Izan ere, patronalaren jarrerak bere horretan dirau. Immobilismo horri aurre egiteko, mobilizazio eta greba egun berrien iragarpena egitera gatoz.

Prentsaurreko hau helburu argi batekin antolatu dugu: hitzarmen kolektiboaren negoziazioaren baitan patronalak eragindako itopuntua salatzea. Ez dugu, ez gure eskubideak urratzen jarraitzea onartuko, ez eta jasaten dugun ezegonkortasuna betikotzea onartuko ere.
Egoera berri honetara iritsi aurretik, sindikatuok erakutsi dugu —beste behin ere— elkarrizketarako prest gaudela. Korapiloak askatzen saiatu gara punturik garrantzitsuena azpimarratu baitugu. Horixe izan da, hain zuzen ere, negoziazioen hausturaren benetako eragilea: malgutasuna eta lan-egutegietan aurreabisu duinik ez edukitzea.

Hala eta guztiz ere, EUKI patronalaren jarrerak gure susmo guztiak berretsi ditu: ez dute egiazki negoziatzeko inolako borondaterik. Errealitatearekin erabat deslotuta dago patronala:

• Nabarmena dena ukatzen du: Lotsarik gabe dio sektore hau ez dagoela prekarizatua.
• Kea saltzen du: faltsukeria diren «Kontziliaziorako banakako akordioetan» ezkutatuz. Oso ondo dakigu hori ez datorrela bat langileen egunerokotasunarekin, eta babesik gabe uzten ditu enpresen arbitrariotasunaren aurrean.
• Errespetu faltak egiten ditu: Hitz egiteko prest dagoela dio, baina lan-egutegiari eta aurreabisuei buruzko eztabaidari betoa jarri dio. Haren «eskaintza» da, oraindik ere, proposamen onartezinari eustea: «antolaketa-aniztasuna» aitzakiatzat hartuta, langileek aurretiazko 5 eguneko tartearekin, erabat eskuragarri egotea.

Patronalarekin akordiora iristea oso lan zaila bihurtzen ari da. Argi utzi nahi dugu benetako borondaterik eta aurrerapen nabaririk ez dagoen bitartean, mobilizazioekin jarraituko dugula.

Horregatik guztiagatik, greba eta mobilizazioen egutegi hau iragarri nahi dugu:

Uztaila: BBK LIVE jaialdiarekin bat datorren data zehazteke Abuztua: Hurrengo jaiekin lotutako hiru data zehazteke:
• Gasteizko Aste Nagusia
• Donostiako Aste Nagusia
• Bilboko Aste Nagusia

Teknikariok, ESK, LAB, CCOO, UGT, ELA

Visitas: 4