- UGTEuskadi - https://ugteuskadi.net -

LAB, ELA, UGT eta CCOOk Administrazioari planto egin diote 2026ko LEPan negoziaziorik ez dagoelako

Mahai Sektorialean ordezkaritza duten lau sindikatuok idatzi hau eman diogu gaur goizean Administrazioari:

«Astearte honetan, martxoak 3, jasotako dokumentazioa kontuan izanda, lau sindikatuok zinez eta arrazoiz uste dugu administrazio honek ez duela negoziatzeko inolako borondaterik. Zirriborro berrian, aldaketa txiki batzuk baino ez dira egin, eta garrantzi handienekotzat jotzen ditugun alderdiak ez dira ukituko edo «aztertzeko” lagako dira, ezelako negoziazio-asmorik gabe.

Ondorioz, Mahai Sektorial honetan ordezkaritza dugun lau sindikatuok, idazki honen bidez, dei egiten diogu administrazioari benetako negoziazio eraginkorrari ekin diezaion hurrengo lan-eskaintza publikoaren oinarri orokor eta espezifikoei buruz bai funtzionarioentzat, bai lan-kontratudunentzat, bai mahai teknikoetan jorratzen ari diren gainerako gaiei buruz, hala nola funtzionarioen lan-baldintzen akordioari eta lan-kontratudun langileen hitzarmen kolektiboari buruz.
Hori dela eta, lau sindikatuok erabaki dugu gaur, martxoak 5, deitutako Ezohiko Mahai Sektorial honetan parte ez hartzea, harik eta administrazioak benetako negoziazio-borondatea ekintza zehatzen bidez erakusten duen arte. Hala, idazki honen bidez, negoziatzeko benetako konpromisoa eskatzen dugu, eta ez dugu onartzen negoziazio formalez mozorrotutako inposaketa. Informazio-mahaiak gainditzeko unea da, eta eskatzen dugu oinarriak negoziazio globalerako testu irekiak izan daitezela, alderdi guztietan.

Gogorarazi nahi dugu NEGOZIATZEA hitz egitea, proposamenak trukatzea eta amore ematea dela, elkarguneak lortzeko».

Otsailean zehar, sindikatuok aktiboki parte hartu dugu lan-eskaintza publikoa garatzeko deitutako mahai teknikoetan, eta ekarpen eta proposamen ugari egin ditugu. Hala ere, orain arte, administrazioak ez du garrantzizko proposamenik kontuan hartu, eta inoiz edo behin aitortu izan du ez zituela irakurri.

Joan den martxoaren 3an, administrazioak oinarrien zirriborro berri bat bidali zuen. Zirriborro horrek sindikatuen ekarpenak ez jasotzeaz gain, negoziatzeko borondaterik ezaren pertzepzioa indartzen du, eta horregatik aurkeztu dugu idazki hau.

Sindikatuok ez ditugu administrazioak dituen baliabideak. Hala ere, ahalegin tekniko eta antolaketa-ahalegin handia egin genuen proposamen arrazoituak egiteko. Gure ustez, errespetu falta da lan hori ez baloratzea edo kontuan ez hartzea. Hori dela eta, mahai sektorial formal hutsa aurreikusten den horretan parte ez hartzea erabaki dugu —mahai horrek ez baitu balioko ordezkatzen ditugun langileen interesak defendatzeko—, harik eta negoziatzeko benetako borondatea agerian jarri arte.

Hainbat urtez hautaketa-prozesuetarako deialdirik egin gabe egon ondoren, eta bitarteko funtzionarioen tasa nahitaezko % 8ra jaistea lortu ez duen finkapeneko lan-eskaintza publiko baten ondoren —gaur egun % 14koa da, administrazioak berak emandako datuen arabera—, administrazioak lan-eskaintza publiko berri bat planteatzen du, eta, gure ustez, ez ditu erabat bermatzen berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioak.

Lau erakunde sindikalon arabera, funtsezko zenbait gai negoziatu eta/edo ezabatu behar dira proposatutako oinarrietatik:

• Praktikaldia: Hautaketa-prozesuaren amaieran praktikaldia egitea eta gainditzea aurreikusten da. Neurri horren aurka gaude, lanpostuaz jabetzea atzeratuko bailuke eta zalantza handiak sortzen baititu haren garapenari eta ebaluazioari buruz: Nork egingo du ebaluazio hori? Nola bermatuko dira berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioak? Arduradun zuzenak baloratuko al ditu izangaiak?
Gure ustez, sistema horrek objektibotasunik gabeko egoerak eragin ditzake.
• Gaitasunak ebaluatzeko proba: Ez dugu onartzen froga hori sartzea, ez baitauka inpartzialtasun-bermerik. Administrazioak planteatutako ereduak —elkarrizketetan, egoera-probetan edo galdetegi psikoteknikoetan oinarritua— subjektibotasun-maila handia dauka, eta arbitrariotasuna eragin dezake.
• Lehenengo proba teorikoa: Test erako galdera-sorta gisa konfiguratzeko eskatzen dugu, aurreko EPEan egin zen bezala, baztertzailea baita eta eragin zuzena baitu etorkizuneko lan-poltsen eraketan.
• Proba praktikoa: Ezin dugu onartu administrazioak gutxieneko-nota bat ezartzea proba hori egiteko, batez ere deitutako lanpostuaren berezko eginkizunei zuzenean lotuta baitago.
• Era berean, gogorarazten dugu, indarrean dagoen araudiaren arabera:
• Adimen-desgaitasuneko txandarako dagokion hautaketa-prozesurako deialdia egin behar da, Enplegu Publikoaren Legeak ezartzen duen bezala.
• Barne-sustapen horizontalerako plazak deitu behar dira, araudi horretan ere jasota daudenak.
Honako hau ere eskatzen dugu:
• IVAPen bidez proba espezifiko bat sartzea gainditu dutenen hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko.
• Genero-indarkeriaren biktimentzako plazak erreserbatzea.
• Funtzionarioak eta lan-kontratudunak hautatzeko prozesuak aldi berean ez egitea.
Espero dezagun sindikatuon arteko ekintza honek balio izatea administrazioak agintaldiaren hasieratik izan duen jarrera berriz aztertzeko, informazio-mahai hutsak egiteko jarrera alde batera uzteko eta benetako negoziazio-mahaiak eratzeko.

Visitas: 1