Joan den otsailaren 9ko bileraren ondoren eta hainbat astez zain egon ostean, patronalak bi orri eskas dituen plataforma aurkeztu du, sektorearentzat hobekuntzak proposatu beharrean, egungo hitzarmenarekiko planteamendu atzerakoia dakarrena.
Sindikatuek aho batez adierazi dutenez, «horrelako proposamen batekin oso zaila da akordio baterantz aurrera egitea». Bereziki «larria da aldi baterako ezintasunaren (ABE) osagarriak kentzeko proposamena». Horrek esan nahi du langileek soldataren zati handi bat galduko luketela gaixotasunagatiko bajan daudenean. Bestela esanda: «SEAk gaixotzea langileentzako garestiagoa izatea nahi du».
Era berean, kezkagarria da urteko lanaldiaren %15aren baliokidea den ordu-poltsa bat ezartzeko proposamena, eta horrek urtean gehienez 32 lanegun aldatu ahal izatea ekarriko luke. Neurri horrek neurrigabeko malgutasuna emango lieke enpresei, eta ezegonkortasun handia eragingo luke lan-denboraren antolaketan.
Arabako UGTren ustez, «planteamendu hori onartezina da». Metalaren hitzarmenak sektoreko baldintzak hobetzeko eta langileen ahalegina aitortzeko balio behar du, ez eskubideak murrizteko. Plataforma negoziagarririk aurkeztu ezean, negoziazio-mahaia hautsiko da.
Hurrengo negoziazio-bilera apirilaren 14rako ezarri da. Sindikatua «negoziatzeko borondatearekin joango da hitzordu horretara», baina argi utzita ez duela «eskubideetan atzerapausorik onartuko. Arabako metalaren sektorerako hitzarmen duin bat defendatzen jarraituko du UGTk negoziazio-mahaian «.
Visitas: 3