UGT IRAKASKUNTZAk bere babes osoa adierazi nahi die Plentzia eta Santurtziko ikastetxe banatan jazarpena pairatu duten irakasleei. Era berean, gertatutakoa irmo gaitzetsi du sindikatuak, aipatutako zentroetan zein era bereko erasoak gertatzen diren gainerakoetan.
Egoera horiek onartezinak eta erabat gaitzesgarriak dira, eta ezin dira kondena hutsera mugatu. Oso garrantzitsua da prebentzio-neurriak ezartzea, irakasleen egunerokotasunean jazarpena errealitate izan ez dadin. UGT IRAKASKUNTZAtik prebentzioa eskatzen jarraituko dugu hezkuntza-komunitate osoarentzat —irakasle, familia eta ikasleentzat— prestakuntza egokia eta erakundeen babesa beharrezkoa dela. Euskal hezkuntza-sistemaren baliabideak, alabaina, gaur egun ez dira nahikoak. Hezkuntza Sailak konpromisoa hartu behar du egoera horrekin, eta irakasleen eta berdinen arteko jazarpena prebenitzeko benetan eraginkorrak diren neurriak ezarri behar ditu.
Antsietatea, depresioa eta estresa bezalako gaixotasunak egunerokotasunaren parte dira irakasle gehienentzat. Gaur egun, badakigu irakasleek dituzten arazo nagusiak errespetu falta, salaketa faltsuak eta eskolak emateko zailtasunak direla. Portzentaje handi batek mehatxuak ere jasaten ditu. Ezin dugu beste aldera begiratu. Aurre egin behar diogu egoera horri, eta ez datuak makillatu, gaixotasun horiengatiko bajak absentismo gisa zenbatuz.
Irakasleek bizitako lan-egoeren ondorioz sortutako gaixotasunak dira, eta kontuan hartu behar dira: laneko gaixotasunak. Gaur egun hori horrela ez denez, mutualitateek ez dituzte gaixotasun horiek laneko gaixotasuntzat hartzen, eta langileak osasun publikora bideratzen dituzte gaixotasun arruntagatiko baja emateko. Egoera horri buelta eman eta gauzei beren izenez deitu behar zaie.
Egoera horiek guztiek arrisku psikosozialen garrantziaz ohartarazten digute. Administrazioak ere, merezi duen garrantzia eman behar dio gai honi. Funtsezkoa da ikastetxeetako arrisku psikosozialak ebaluatzea, bizikidetza txarrak, lan-gatazkak, gaizki ulertutako botere-harremanek eta jazarpenak dakartzaten arriskuak prebenitzeko.
Substantzia kimiko arriskutsuak erabiltzeko gorde, manipulatu eta kudeatzeko protokolo bat behar dela uste dugun bezala, arrisku sozialeko egoera posible guztiak erabiltzeko protokolo egokia eta ondo pentsatutakoa behar dela ulertu behar dugu. Gainera, oso garrantzitsua da Hezkuntza Sailak ikastetxe guztietarako irizpide komun bat ezartzea, ikastetxeetan mugikorrak erabiltzea debekatzeari dagokionez.
UGT IRAKASKUNTZAk lanean jarraituko du egoera horiek iraganaren parte izan daitezen eta euskal hezkuntza-sisteman parte hartzen duten eragile guztiek gertakari horietan duten erantzukizuna beren gain har dezaten, eta elkarbizitza arriskuan jartzen duten egoera horiek ez ditzaten beste aldera begiratu, ez bakarrik ikastetxearen barruan, baita gizarte osoan ere.
Visitas: 5