- UGTEuskadi - https://ugteuskadi.net -

UGTk Bilboko hilketa matxista salatu eta botoekin eskuin negazionistari aurre egiteko deia egin du

UGT Euskadik elkarretaratzeak egin ditu gaur, aldi berean, Bilboko, Donostiako eta Gasteizko egoitzen aurrean, Bilbon gizon batek bikotekide ohia hil izana salatzeko. Hiru hiriburuetan isilunea egin dute hildako emakumearen oroimenez.

Xuria Arza UGT Euskadiko Berdintasun arduradunak gogorarazi du duela bi egun eskas, azaroaren 25eko mobilizazioetan, sindikatuak salatu zuela urte hasieratik ordura arte genero-indarkeriak 47 emakume hil zituela Estatuan. «Eta bi egun geroago, 50 dira hildakoak, 50 emakume erail dituzte, eta horietako bat hemen, Bilbon», esan du saminez. Arzak kalean jarraitzeko beharra aldarrikatu du, krimen horiek isilaraz ez ditzaten eta indarkeria matxista ukatzen duten diskurtsoei aurre egiteko.

Ertzaintzak biktimaren jarraipena egiten zuen, eta bikotekide ohiak debekatuta zuen harengana hurbiltzea. Mehatxupean dauden emakumeak babesteko neurriei buruz galdetuta, Arzak defendatu du eutsi egin behar zaiela zaintzari, eskoltei eta kontrol-eskumuturrekoei. Ohartarazi du, hala ere, neurri horiek ez direla beti nahikoa izaten, eta arazoaren jatorria azaldu du: «Egiturazko indarkeria da, patriarkatutik datorrena, gurea bezalako gizarte matxistetatik». Horregatik, berretsi du gizarte osoaren inplikazioa behar dela indarkeria hori desagerrarazteko.

Igandeko hauteskundeei begira, salaketa hori hautestontzietan ere entzunarazteko deia egin du Arzak. «Ezin dugu onartu genero-indarkeria, indarkeria matxista, ukatzen duen alderdi bat Gobernura iristea», adierazi du. Berdintasun Ministerioa desegiteko proposamenak gaitzetsi ditu, eta indarkeria matxistari aurre egiteko politika espezifikoak eta aurrekontua bermatzeko eskatu du.

Visitas: 2