Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio UGT-Euskadiri sindikatuak aurkeztutako salaketaren ondorioz. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak pazienteak osasun-zentroetako zerbitzuetara eramateko lanak anbulantzietako langileen esku uzten zuen kontratazio-agiria baliogabetu du.
UGT-Euskadik bi helbururekin aurkeztu zuen eskari hori: batetik, anbulantzietako langileen lan-eskubideak defendatzea, eta, bestetik, Osakidetza behartzea bere plantilla behar bezala egokitzera —zeladore-kategoria kasu honetan—, Osasun Zerbitzuko langileei dagokien zerbitzu baten pribatizazioa saihestuz.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiak, aurtengo otsailaren 3an emandakoak, baliogabetu egiten du Eusko Jaurlaritzaren Preskripzio Teknikoen Agiriaren 3.3.2 atala, Garraio Sanitario Ez Asistentzialaren Zerbitzua (zerbitzu programatua) kontratatzeko. Anbulantzietako langileek pazienteak osasun-zentroen barrualdetik lekualdatu behar zituzten.
UGTko Zerbitzu Publikoen federaziotik azaldu dutenez, Eusko Jaurlaritzak epe laburra dauka epaia Auzitegi Gorenean errekurritzeko, «baina argudio judizialak sendoak direnez, zaila izango zaio». Behin irmoa denean, enpresa esleipendunak ezin izango die langileei lan hori egiteko eskatu. Beraz, sindikatua «erne» egongo da ebazpen judiziala betetzen ez bada, «Lan Ikuskaritzan edo, beharrezkoa izanez gero, epaitegietan bertan erantzuna emanez».
Visitas: 4