- UGTEuskadi - https://ugteuskadi.net -

UGTk erabilera turistikorako etxebizitzetako lan-irregulartasunak salatu ditu Ikuskaritzan

UGT Euskadiko FeSMC Zerbitzu, Mugikortasun eta Kontsumo Federazioak salaketa bana aurkeztu du EAEko hiru lurralde historikoetako Lan Ikuskaritzen aurrean, pisu turistikoetan lan egiten dutenen lan-baldintzetan gertatzen diren irregulartasun ugariak salatzeko.

Sindikatuaren erreklamazioaren arabera, oporren alokairurako dituzten enpresa asko ez daude turismo-jardueretarako enpresa gisa erregistratuta, eta, horren ondorioz, langileei ez dizkiete dagozkien hitzarmen kolektiboak aplikatzen, hau da, probintzia bakoitzeko ostalaritza-hitzarmena. Horren ordez, garbiketa-hitzarmenak edota lan baldintza zein soldata txikiagoak dituzten beste hitzarmen batzuk baliatzen dituzte, zenbaitetan lanbide arteko gutxieneko soldata aplikatzen dutela.

Silvia Rodriguez UGT Euskadiko FeSMCko Ostalaritza eta Turismo arduradunak sinatutako salaketetan argudiatzen denez, Ostalaritzaren Sektorerako Estatu mailako VI. Lan Akordioak berariaz jasotzen ditu helburu turistikoekin merkaturatutako etxebizitzak ostalaritzaren funtzio-eremuaren barruan. Ildo beretik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Ostalaritzako lurralde-hitzarmenek ere pisu turistikoak ostalaritzako jardueraren zati gisa definitzen dituzte.

UGT Euskadik turismo-zerbitzu horietako langileak erregularizatzeko eskatu du, dagozkien ostalaritza-hitzarmenen barruan, soldatak, osagarriak, ordutegi-erregistroak eta gainerako lan-baldintzak egokituz. Gainera, azken urteko soldata-aldea eskatzen da, bai eta dagozkion Gizarte Segurantzako kotizazioak zuzentzea ere.

Salaketek soldata-alde nabarmena azpimarratzen dute etxebizitza turistiko horietan lan egiten dutenen eta LGS jasotzen dutenen artean, ostalaritzako hitzarmen kolektiboa aplikatuz gero kobratuko luketenari dagokionez. Kasu horretan, urteko termino gordinetan eta kategorien arabera, Arabako lurraldeko soldata-aldea 3.425€ eta 8.243€ artekoa izango litzateke; Bizkaikoa, 5.052€ eta 11.283€ artekoa; eta Gipuzkoakoa, 7.129€ eta 12.335€ artekoa, dagokion hitzarmenaren arabera.

Pisu turistikoetako langileen eginkizunen artean daude «anfitrioiak» (harreragileak), garbiketako langileak (pisuko zerbitzariak) eta mantentze-lanetako langileak eta garraiolariak. Berezitasun bat da langileek beren sarrera erregistratu ohi dutela beren mugikor pertsonalarekin lehen apartamentura iristean, enpresaren ordutegi-erregistrorako tresnarik gabe, eta etxebizitzen arteko joan-etorriak ez direla lan-denboratzat hartzen.

Estatu mailan, UGT ere probintzia bakoitzeko Lan Ikuskaritzan demandak aurkezten ari da, eta sindikatuak uste du 27 milioi lanordu baino gehiago egiten ari direla, Gizarte Segurantzan kotizazio okerragoekin edo txikiagoekin, eta soldata baxuagoak ordaintzen direla nahita, gizarte-kostuak aurrezteko. Datu ofizialik ezak eta erregulazio autonomiko zehatzak eragotzi egiten dute jarduera horren irismena zehaztasunez ezagutzea.

Azkenik, ohartarazi dutenez, Eskubide Sozialen eta Kontsumoaren Ministerioaren arabera, legez kanpoko etxebizitzen 65.935 iragarki daude Interneteko atarietan, eta horrek esan nahi du etxebizitza turistiko askok dagokien administrazio-lizentziarik gabe jarduten dutela, eta horrek hirigintzako ustezko ez-betetzea eta nahitaezko erregistro turistikorik eza dakarrela.

Visitas: 1