- UGTEuskadi - https://ugteuskadi.net -

UGTk genero-arrakalak oraindik badirela ohartarazi eta emakumeen eskubideak atzerakada ideologikoen aurrean babestera deitu du

Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, UGT Euskadik berdintasun erreal eta eragingarriarekiko konpromiso sendoa berretsi du. Hedabideen aurreko agerraldian, Xuria Arzak, sindikatuko Berdintasun arduradunak, euskal emakume langileen egungo egoera aztertu du, eta ohartarazi du, Elkarrizketa Sozialak aurrerapausoak ahalbidetu dituen arren, lortutako eskubideek ideologia antifeministen mehatxua dutela egun.

Agerraldian Tximi Lopezek ere parte hartu du, UGT Euskadiko arduradunak, eta langile borrokak emakumeekin duen zor historikoaz hitz egin du: «bizitzari eta zaintzari eutsi diote fabriketako asanblada luzeak, manifestazioak eta grebak posible izan zitezen». Aitortza, gaineratu duenez, «gizonentzat izan da beti, baina lortutako ezer ez litzateke posible izango emakumerik gabe». UGT Euskadiko arduradunak ziurtatu du gizonen lana feminismoari «laguntzea» dela, eta gogorarazi du «haiek aurrerapauso bat eman dezaten, beste batzuek atzerapausoa eman behar dutela». Laguntzeko lan horretan, M8ari begira sindikatuaren zein erakunde feministen mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du. UGT Euskadik martxoaren 6an, ostirala, elkarretaratzea egingo du 12:00etan, Bilboko Moyua plazan. Ordu berean, Donostiako eta Gasteizko egoitzen aurrean ere elkarretaratzeak egingo dira.

UGTren M8ko manifestua

Bere hitzaldian, Xuria Arzak euskal lan-merkatuan oraindik nagusi den egiturazko desberdintasunean jarri du fokua. «Gaur egun inoiz baino emakume gehiago ari dira lanean, baina prekarietate-datuek emakume aurpegia izaten jarraitzen dute», adierazi du. Emandako datuen arabera, Euskadiko langabeen %60 emakumeak dira, eta lanaldi partzialeko lana gehienbat haien gain jarraitzen du (10 kontratutik 7).

Berdintasun arduradunak azpimarratu du lan-segregazioa faktore kritikoa dela: emakumeen %90 zerbitzuen sektorean kontzentratzen dira, askotan gutxietsitako lanpostuetan eta lan-baldintza okerragoekin. «Premiazkoa da feminizatutako sektoreei merezi duten gizarte- eta ekonomia-balioa ematea», aldarrikatu du.

UGT Euskadiren salaketaren puntu kritikoenetako bat soldata-arrakalaren analisia izan da: urteko batez besteko irabazietan 5.000 euroren aldea dago emakumeen kalterako. Arzak azaldu duenez, arrakala ez dago beti oinarrizko soldatan, osagarrietan baizik:

Osagarriak (gaueko lana, txandak, asteburuak): Euskadin arrakala %49,93koa da.

Aparteko orduak: Soldata-aldea %78,41ekoa da.

«Hantxe dago diskriminazio handia», zehaztu du Arzak. «Gizonek hobeto baloratutako osagarriak dituzten lanpostuak betetzen dituzten bitartean, emakumeek hartzen dute zaintzaren karga, eta horrek aparteko orduak egitea edo ordainsaria hobetuko luketen txandak onartzea eragozten die».

Xuria Arzak ez du alde batera utzi nahi izan emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko premia soziala. 2026an, orain arte, 10 emakume eta neska bat erail dituzte; zifra horiei 2025ean erregistratutako 48 biktimak gehitu behar zaizkie. «Errealitatea jasanezina da: emakume bat hiltzen du bere bikotekideak edo bikotekide ohiak 6 edo 7 egunean behin. Borroka honek lehentasun absolutua izan behar du gizartean zein lan-zentroetan», esan du.

Eszenatoki honen aurrean, UGT Euskadik bere lehentasunezko jardun-ildoak markatu ditu Negoziazio Kolektiboaren eta Elkarrizketa Sozialaren bidez, jazarpenari eta desberdintasunari aurre egiteko. Era berean, Berdintasun arduradunak exigentzia zuzena egin die erakundeei:

«Genero-ikuspegia duten politika publikoak eskatzen ditugu hezkuntzan, enpleguan eta zaintzan. Administrazioek bermatu behar dute ez dela milimetro bat bera ere atzera egingo lortutako eskubideetan. Berdintasuna ez da aukera bat, oinarrizko eskubidea eta justizia sozialeko kontua da».

Visitas: 7