- UGTEuskadi - https://ugteuskadi.net -

UGTk indarkeria matxista prebenitzeko eta biktimak babesteko politika publikoak eskatu ditu

UGT Euskadik elkarretaratzea egin du gaur bere Bilboko egoitzaren aurrean, Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren harira. Bertan, Xuria Arza UGT Euskadiko Berdintasun arduradunak erakundeei eskatu die indarkeria matxistaren arrazoiei aurre egiteko politikak indartzeko eta indarkeria pairatzen duten emakumeei eta adingabeei arreta eta babes integrala bermatzeko.


Arzak Euskadiko egoeraren larritasuna nabarmendu du. Sindikatuak elkarretaratzean emandako datuen arabera, urteko lehen hamar hilabeteetan emakumeen aurkako 6.646 indarkeria-delitu erregistratu dira Euskadin, iazko epe berean baino % 11 gehiago. Aurten, gainera, lau hilketa-saiakera ere izan direla gogorarazi du.


«Genero-indarkeriaren negazionismoari aurre egiteko deia egiten dugu, eta horretarako konpromisoa hartzen dugu», adierazi du Arzak. Ildo horretan, eskuinak eta eskuin muturrak autonomia-erkidegoetako eta tokiko gobernuetan berdintasun-politiketan eta indarkeria matxistari aurre egiteko zerbitzuetan ezarritako murrizketak salatu ditu. Horregatik, igandean indarkeria horri botoekin aurre egiteko deia egin du, diskurtso antifeministei eta emakumeen eskubideen aurkako mezuei aurre egiteko konpromisoa berretsita.


UGT Euskadik sindikalismo feministaren indarra baliatuko duela adierazi du Arzak, indarkeria matxista bere forma guztietan desagerrarazteko. «Emakumeei indarkeria matxistarik gabeko bizitza bermatzea ezinbesteko baldintza da gizarte erabat demokratikoa izateko», azpimarratu du.

Visitas: 5