Hori gutxi balitz eta Zisjordaniako egoera larriagotu egin dela ikusten gabiltza: aurten, 2026an, kolonoen 1200dik gorako erasoak eman dira jada, kanpamenduen suntsiketak, errepresioa eta kolonizazio prozesua azkartu egin da eta edozein txinpartek egoera gaiztotu eta atzera buelta izango ez lukeen eszenatokira darama Palestinako lurralde historikoa.
Adibide gisa jada aipatu dugun datua: Peace Now erakundearen arabera, kolonoek 100.000 dunametik gora (24.710 hektarea) kontrolatu dituzte A eta B eremuetan, 55.000 dunam (13.591 hektarea) barne B eremuan. Erakundeak salatu du indarkeria eta mehatxuak erabili direla palestinarren lurretarako sarbidea mugatzeko eta, kasu batzuetan, familiak presionatzeko, beren etxeak utz ditzaten.
Horregatik dei egiten dugu urriaren 8an, ostegunean, arratsaldeko 19:00ean, Euskal Herriko ahalik eta udaletxe gehienen aurrean kontzentrazioak egitera “Gernikaren herritik, genozidiorik ez! Gerrarik ez!” lelopean.

Izan ere, ordena mundial berria eraikitzen ari dela begiztatzen gaude. Gaur egungo nazioarteko araudia ez da betetzen, eta ez da bete arazten. Inperialismoa, kolonialismoa, eta giza eskubideen urraketa sistematikoetan oinarrituriko forma ezberdinak iraunkortu, normalizatu, eta jendartearen partetik asumitzera bultzatzen dituzten erabakiak gailentzen dira, gu guztion bizitzak norabidetu eta herrien etorkizunak markatzen dituztenak. Adibideak munduan barrena non nahi ditugu, tamalez: Libano, Ukrainia, Cuba, Venezuela, Iran, Sahara…
Gerra ezin da ezeren irtenbidea izan. Hildakoak, zaurituak, desplazamenduak… Ezin dugu onartu ekonomia eta politika kudeatzeko estrategia bihurtzea.
Gerrak munduaren amaierara eramango gaitu eta ezin dugu jendartearen etorkizuna Trump eta Netanyahu bezalako agintari asegaitz berekoi gutxi batzuen esku utzi.
Berriz ere diogu: Irtenbidea elkarrizketan, negoziazioan eta konponbide politikoan oinarritu behar da. Euskal Herrian gerraren aurka antolatu eta saretu behar gara, hori izan behar da orain gu guztion lehentasuna.
Euskal jendartea hausnarketa sakona egitera animatzen dugu; egoeraren tamainako ardura eta erantzukizuna aurkeztu du orain arte, eta ziur gara aurrerantzean ere egingo duela: ezin dugu onartu, ezin dugu normalizatu eta ahal den guztietan mobilizatu behar gara Palestinarren itxaropenari ateak zabalik mantentzeko, eta argi eta ozen, inon ere ez, Gerrarik ez! adierazteko.
Horregatik urriaren 8ko deialdiak berebiziko garrantzia du, eta, aldi berean, logika mobilizatzaile berean esan Gernika-Palestinak bat egingo duela Yala Nafarroa con Palestinak urriaren 3rako Iruñean egin duen deialdiarekin (Golem zinemetan 18:00ean “Eustea garaitzea da” lelopean). Bai; kalean elkar topo egingo dugu berriz ere, inoiz utzi ez dugun eta utziko ez dugun espazio bateratzailean. Elkartasuna, elkarrenganako xamurtasuna eta erresilientzia gure banderak direlako.
Gernikako Euskal Herria museoko adierazpenean plazaratu bezala:
“Gernikaren herria gara: gerraren, basakeriaren eta militarismoaren aurka gaude; Palestinar herriaren eta munduko herrien etorkizunarekin konprometitzen gara. Israelen inpunitatea amaitzea eskatzen dugu eta gure esku dagoen guztia egingo dugu erregimen genozida hori isolatzeko. Hori da gure konpromisoa eta guztion ardura da hori praktikara eramatea”.
Horregatik, eta hemendik aurrera informazio gehiago emango badugu ere, aurreratzen dizuegu 2027ko urtarrilaren 22 eta 23an, euskal eragileen FOROA antolatuko dugula konpromisoetan sakontzen joateko ariketa kolektibo gisa.
Visitas: 8