UGTk Barakaldoko TAOren enpresa salatu du, ia bi urtez hitzarmenik gabe egon ostean negoziatzeko inongo borondaterik ez duelako

2022an iraungi zen hitzarmenaren mende daude 75 langile baino gehiagoren soldatak eta lan baldintzak.
Print This Post
  
  
Email This Post   


Jose Luis Garcia Olazabal UGT-Euskadiko Errepide eta Garraio arduradunak gaur salatu duenez, Dornier enpresak, Barakaldoko TAO zerbitzuaren esleipendunak, 2022ko abenduaren 31n iraungi zen Hitzarmen Kolektiboa negoziatzeko “inongo borondaterik ez” dauka, eta horren mendekoak dira “Barakaldoko herritarrentzat funtsezkoa den zerbitzu batean” lan egiten duten 75 pertsona baino gehiagoren lan-baldintzak.

“Negoziatzera esertzeko asmorik ez” dute erakutsi, UGT-Euskadiko Zerbitzuen, Mugikortasunaren eta Kontsumoaren Federaziotik (FeSMC) azaldu duten bezala, nahiz eta Barakaldoko Udalak dagoeneko argitaratu duen lur gaineko aparkaleku arautuaren (TAO) zerbitzua emateko hurrengo kontratua esleitzeko baldintza-agiri berria.

Garciak azpimarratu duenez, bertan “langile-gastuei aurre egiteko diru-partida gehigarri bat dago, soldata-taulak 2022koak baitira, bai eta lizitazio-prezioaren eta merkatu-prezioaren artean hitzarmen berri bat sinatuta adostu litezkeen igoerei aurre egiteko ere”.

Baldintza-agiri berria 2025ean sartuko litzateke indarrean, beste urtebetez luzatzeko aukerarekin, baina “Dornier enpresak ez du ezer negoziatu nahi, nahiz eta agiriek, funtsean, Sindikatuen, Patronalaren eta Gobernuaren artean onartutako Enplegurako eta Negoziazio Kolektiborako V. Akordioan jasotako igoerak jasotzen dituzten” (BOE 129, 2023ko maiatzaren 31koa).

Ildo beretik, “bi urte daramagu soldata igoerarik gabe (2023-2024), eta horrek langileen erosteko ahalmena galtzea dakar”, gogorarazi du. Eta Udalak plegu horiek hobetu dituenez, badirudi enpresak “soldata-igoeretarako dirua, bere osotasunean, poltsikoratu nahi duela”.

Horregatik guztiagatik, UGTk Dornier enpresari eskatu dio “fede onez negoziatzeko eta Barakaldoko TAOko langileen erosteko ahalmena hobetzeko Udalak jarri dituen soldata-partidak ongi bideratuta”. Azkenik, Barakaldoko Udalak zerbitzuaren arduradun gisa duen erantzukizuna ere azpimarratu du Garciak, Dornier TAO Barakaldo “hitzarmenaren negoziazioari berriro ekin diezaion, bi aldeentzat akordio egokia bilatzeko”, Dornierrek jarduten duen beste herri batzuetan gertatu den bezala.

Impactos: 10