UGTk ohartarazi du langabeen heren bat 45 urtetik gorako emakumeak direla Euskadin

Iraileko langabeziaren jaitsierak agerian uzten du Hezkuntzako ezohiko egoerak neurri handiagoan eragiten diela emakumeei.
Print This Post
  
  
Email This Post   


Gaur argitaratutako irailean erregistratutako langabeziaren eta Gizarte Segurantzako afiliazioaren bilakaerak zifra “itxuraz” positiboak eman ditu; izan ere, 3.367 langabe gutxiago daude, eta guztira 107.996 lagun daude lan bila. Hala eta guztiz ere, UGT-Euskadiko Enplegu eta Prestakuntzako idazkari Arantxa Niñoren arabera, “langabeen profilean jarri behar dugu arreta; izan ere, langabeen ia herena, 34.130, 45 urtetik gorako emakumeak dira.

Gainera, langabezian dauden emakumeen artean, hamarretik seik ez dute ikasketarik edo oinarrizko titulazioak baino ez dituzte “. Erregistratutako azken datuen arabera, emakumeen artean, 311 langabek ez dute ikasketarik, eta 5.968k ez dute Lehen Hezkuntza amaitu; beste 7.551ek, berriz, burutuak dituzte. Azkenik, DBHko ikasketak edo baliokideak amaitu dituzten emakume langabeak 23.931 dira.

Zentzu horretan, Niñok nabarmendu du “prestakuntza eta ezagutzen ziurtapena oso garrantzitsuak direla, langabe guztien enplegagarritasuna susta baitezakete, baina, bereziki, emakumeena”. Hain zuzen ere, sindikatuko arduradunak Merkalan Enplegu eta Prestakuntza Azokan parte hartzen ari da gaur, Lanbidek Ficoban (Irun) antolatutakoa. Azoka horretan, UGT-Euskadik erakustoki propioa du, lan-eskubideei buruzko aholkuak emateko eta Juan de los Toyos Fundazioaren prestakuntza-eskaintzaren berri emateko.

Euskadin langabeziak emakume-aurpegia izaten jarraitzea “Eusko Jaurlaritzak jorratu beharreko lehentasunetako bat” izan beharko litzateke, Niñoren hitzetan. Ildo beretik, sindikatuak eskatu du Lanbideren erreforma-prozesuak “enplegu egonkorra eta kalitatezkoa lortzeko tresna integral eraginkor bihur dezala, eta ez dadila mugatu prestazioen kudeaketara”.

Hezkuntza

UGT-Euskadiko Enplegu eta Prestakuntza arduradunak abuztuko langabeziari buruzko datuak aztertzean ohartarazi zuen bezala, irailean egiaztatu da “hezkuntzaren sektorean gertatzen den ezohiko egoera iraunkorra”, abuztuan kontratu ugari eten eta irailean berriz egiten dituztela.

Hala, langabeen kopuruan izandako beherakadarik handiena zerbitzuetan gertatu da, eta 3.367 langabeetatik 2.197 emakumeak izan dira. Horrek esan nahi du hezkuntza-sektoreko langile ez-egonkorren kontratazioak daudela tartean, emakumeak nagusi diren lan eremu batean. Niñoren hitzetan, egoera “atipiko” hori “Eusko Jaurlaritzaren lehentasunen agendan ere agertu beharko litzateke”.

Impactos: 2