Bilboko Portuko langileek eskubide murrizketak eta pribatizazioak salatuko dituzte

Bilboko Portuko Agintaritzako Enpresa Batzordeak elkarretaratzea egingo du bihar, urriak 4, ostirala, Bilboko Euskalduna Jauregiaren aurrean. Bertan egingo da Bilbao Uniport-ren 30. urteurrena ospatzeko ekitaldia, eta bertan izango da EAEko zein Espainiako ordezkari ugari, erakunde, alderdi politiko zein enpresa mundukoak.
Print This Post
  
  
Email This Post   


Protesta 13:00etatik 14:00etara izango da, eta Enpresa Batzordea osatzen duten lau sindikatuek babesten dute; UGT da nagusi, baina, ELA, CCOO eta LAB alde daude. Hala, Alderdi Popularraren gobernuetan abian jarritako murrizketek indarrean jarraitzen dutela salatuko dute, horietako asko izaera sozialekoak eta, urteak igaro arren, Portu Erakunde Publikotik mantendu egin dituzte aurrekonturik ez dagoela argudiatuz. Bitartean, “diru publikoaren kopuru handiak hirugarrenen esku jartzen dituzte, eraginkortasun jakinik gabeko azterketak egiteko, edota zerbitzu publikoak pribatizatuz, erakundeko langileek bete beharko lituzketen eginkizunak kanpoan kontratatuz”.

Batzordeak salatu duenez, “behin eta berriz urratzen dira negoziazio kolektiboaren barruan hitzartutako akordioak”, eta, ondorioz, “etengabe” jo behar da epaitegietara, Bilboko Portuko Agintaritzako langileen eskubideak baliatzeko. Zentzu horretan, Ricardo Barkala presidentea eta Itziar Sabas Giza Baliabideen arduraduna buru, kudeatzaileen kontraesan politikoak ere aipatu dituzte, Bilboko Portuko Negoziazio Mahaia desegitea eskatu baitute, Madrilera eramateko. Bitartean, Barkalaren jatorria diren euskal erakundeak eta alderdi politikoak, Lan Harremanen Euskal Esparrua errespetatzeko eskatzen dute Madrilen.

Era berean, Portuko Erakunde Publikoaren “gardentasun falta etengabea, informaziorako eskubidea behin eta berriz urratzea eta, guztiaren gainetik, beste garai batzuetakoa dirudien jarrera autoritario eta zentsuratzailea” ere salatuko dute; izan ere, protestak debekatzea etengabekoa bihurtu du, eta protestak galarazten eta sindikatuetako ordezkariak isilarazten saiatu da, “delitugiletzat jotzen baititu antolatzaileak”, portuko operadoreen segurtasuna arriskuan jartzen dutela aitzakiatzat hartuta, sindikatuen ordezkaritzatik hala denik zorrotz ukatzen duten arren.

Horiek izango dira, besteak beste, Enpresa Batzordeak bihar Euskalduna ingurura eramango dituen aldarrikapenetako batzuk. Izan ere, mobilizazioekin jarraituko dute, “Bilboko Portuko Agintaritzako langileen eskubideen defentsa legitimoan behar den leku guztietan”.

Impactos: 6