UGT-Euskadik XIV. Kongresua egingo du martxoaren 13an eta 14an Bilbon, «Erronkak» lelopean. Arantza Ruiz sindikatuko antolakuntza idazkariak eta Raul Arza idazkari nagusiak prentsaurrekoa eman dute gaur sindikatuaren Bilboko egoitzan ekitaldia aurkezteko. Bertan, Arzak idazkaritza nagusira berriz ez aurkezteko erabakia jakinarazi du, eta sindikatuaren esanetara egongo dela ziurtatu du, zuzendaritzan trantsizio ordenatu bat eman dadin.
UGT-Euskadiren XIV. Kongresua Gran Bilbao hotelean izango da, eta 165 ordezkari bilduko ditu, batez ere sindikatua osatzen duten hiru federazioetakoak: FICA, Industria, Eraikuntza eta Agro Federazioa; FESMC, Zerbitzu, Mugikortasun eta Kontsumo Federazioa; eta Zerbitzu Publikoen Federazioa. Lan autonomoa ordezkatzen duen UPTAk eta sindikatuko pentsiodunen erakundeak ere ordezkaritza dute.
Kongresuan zati publiko bat egongo da, eta sindikatu nagusiek eta euskal alderdi politikoek ordezkaritza izango dutela baieztatu dute. Irekiera ekitaldian parte hartuko dute, besteak beste, Juan Maria Aburto Bilboko alkateak, Mikel Torres lehendakariorde eta Ekonomia sailburuak, Loli Garcia CCOO Euskadiko idazkari nagusiak eta Rafael Espartero UGT Konfederaleko Antolakuntza idazkariorde nagusiak.
UGTko idazkari nagusi Pepe Alvarezek amaiera ekitaldian parte hartuko du hilaren 14an. Azkenik, hautatutako idazkari nagusi berriaren lehen hitzaldia egingo da. Prentsaurrekoan ziurtatu den bezala, adostasun-proposamen bat lantzen ari dira oraindik, eta datozen egunetan emango da proposamenaren berri.
Aurreko Kongresua, hamahirugarrena, 2021ean Gasteizen egin zena, Covid pandemia garaian gertatu zen. Zalantzarik gabe, hurrengo urteak errekuperaziokoak izan ziren. Hala ere, datozen lau urte hauetan, UGT-Euskadik egungo egoera sozioekonomikoan landu beharreko erronkei helduko die.
Iragarri dutenez, UGT-Euskadiko estrategia sindikalaren erronka nagusietako batzuk honako hauek izango dira: euskal langileen erosteko ahalmena berreskuratzea (eta puntu horretan, EAEko lanbide arteko gutxieneko soldata hitzarmenean ezartzeak berebiziko garrantzia izan dezake); lan istripuen sarraskia geldiaraztea, osasun mentalaren garrantzia aztertu; eta, jakina, lanaldia legez 37,5 ordura murriztea.
Kudeaketari dagokionez, Arzak sindikatuaren egungo afiliazio-datuak aurkeztu ditu, baita haren ordezkagarritasun-datuak ere. UGT-Euskadik 32.784 afiliatu ditu gaur egun; horietatik 19.484 gizonak dira (% 59,43), eta gainerakoak, 13.300, emakumeak (%40,57). FESMC da afiliazio-kopuru handiena duen federazioa, eta Bizkaian du pisu handiena sindikatuak.
Ordezkaritzari dagokionez, egungo agintaldia 1.766 ordezkarirekin hasi zen, guztizkoaren %10,19. Sindikatuak 2024a itxi zuen 2.067 ordezkarirekin, duela lau urte baino 301 gehiago, eta ordezkaritza 10,51koa izan zen, hau da, %0,32 handiagoa.







Visitas: 7