Petronorren lan-harremanak azken urteotan gero eta okerragoak dira, zuzendaritzak gero eta jarrera itxiagoa duelako eta langileokin gero eta sentiberatasun gutxiago.
Egunero ikusten dugu negoziaziorik ez dagoela eta lortutako akordioak betetzen ez direla. Gainera, kanpora proiektatzen den irudia ez dator bat barruan bizi dugun errealitatearekin; instalazioen kontserbazio-egoera ere tamalgarria da, inbertsio falta dago eta mantentze-lanak kostuak aurrezteko helburu hutsarekin egiten dira. Irabaziak segurtasunaren gainetik jartzen dituen eredu baten aurrean gaude. Ez zaitezte engainatu: ustezko aurrerapen teknologikoetatik harago, Petronorren eguneroko errealitatea oso urrun dago saltzen duten irudi profesionaletik.
Petronor eztanda egitear dago.
Aurretik aipatutako guztiaren ondorioz, larriak izan litezkeen istripuen kopurua nabarmen handitu da, eta baita ere kanpoan eragina duten ezbeharrak. Halakoetan kutsatzaile eta produktu toxikoak isurtzen dira kontrolik gabe, eta langileak zein inguruko biztanleek (Muskizkoak, Abanto-Zierbenakoak) emisio horiek eragin kaltegarria jaso dezakete.
Eusko Jaurlaritza, bitartean, jakina, beste alde batera begira dago
.
Hau guztia gertatzen den bitartean, urtez urte modu esponentzialean handitzen ari da ezohiko orduen kopurua, zuzendaritzak ez dituelako konponbide errazenak: prestakuntza eta kontratazio. Hori horrela da, nahiz eta konpromisoa hartu zen hutsuneak betetzeko behar den langileria kontratatzeko.
Lan-harremanak gaiztotuta dauden honetan, zuzendaritza berriak —EREn kudeaketan eta sindikatuen aurkako errepresioan esperientzia handia duten pertsonek osatuak—, laneko baldintzen aldaketa esanguratsua ezarri du, eskubideen galera nabarmena dakarrena.
Txandakako langileen eguneroko lanaldia 30 minutu luzatu nahi dute. Aitzakia da zerbitzuak bikoiztea saihestu eta dirua aurreztuko dela, eta gainera lanaldiaren luzatze hori aitortu gabe edo konpentsaziorik eskaini gabe.
Eraso honen eta langilegoaren haserre orokorraren aurrean, datorren irailaren 24rako Lantegiko Batzar Orokorra deitu da, zuzendaritzak bota digun erronkari erantzuteko moduko presio-neurriak proposatzeko.
Visitas: 8