Palestinarekin bat, konpromiso bat

UGT Euskadik Gernika-Palestinaren manifestuaren Donostiako aurkezpeanean parte hartu du.
Print This Post
  
  
Email This Post   


…68.000 hildako, horietatik 20.000 inguru umeak; 170.000 zauritu baino gehiago; 14.000 desagertu inguru (1.200 osasun langile eta 250 kazetari inguru); 81 pertsona hil kartzeletan urriaren 7az geroztik; UNRWAko 250 langile baino gehiago hilda; ia bi milioi desplazatu; lurraldea ia guztiz suntsituta; oinarrizko beharrizanak urratuta…

Nazio Batuen Erakundeak baieztatu bezala, Palestinan genozidioa eragiten ari da Israel, eta luzaz indarrean jarraitzeko arrisku handia dago. Ezin dugu egoera hori onartu, Palestina jasaten ari den genozidioa amaitu beharra dago. Israelen eta haren aliatuen partetik bere lurraldearen okupazioa eta eskubideen urraketa pairatzen ari da. Azken hilabeteetan modu izugarri bortitzean areagotu da, eta nazioarteko komunitatea eta legedia ez dira gai izan hori ekiditeko.

Momentu historiko honetan, asko dugu jokoan; ez soilik herri palestinarrek, bestelako mundua eraiki nahi dugun guztiok baizik. Nazioarteko komunitateak eta legediak porrot egin dute. Munduak autoritarismoranzko bidea hartu du, eta etorkizuna guztiz ziurgabea da. Horren aurrean, nazioarteko komunitateak arautzen duen legedia aldarrikatu behar dugu justizian sinesten dugunok, Palestinan gertatzen ari dena behingoz amaitu dadin, eta inoiz beste inon errepika ez dadin.

Euskal Herrian, bakearen eta elkartasunaren bandera altxatu dugu urte eta hilabete hauetan guztietan. Euskal jendartean gehiengoa eta berau osatzen duen gehiengo politiko, sindikal eta soziala genozidioaren kontra dago, eta palestinar herriaren eskubideak errespetatzearen alde.

Orain, ordea, gehiengo sozial horrek hitzetatik ekintzetara pasatu behar du. Palestina babestera konprometitu behar gara. Hau da, gure esku dagoen hori guztia egiteko konpromisoak hartu behar ditugu.

Palestina babestea eta Israel isolatzea izan behar dira gure ekintzen iparrorratza. Inoiz baino gehiago, Palestinak elkartasuna sentitzen jarraitu behar du, eta bere aldeko babes instituzional, diplomatiko eta ekonomikoa jasotzen. Era berean, Israelek inpunitatez jokatzea eragotzi behar dugu, eta genozidioa eta okupazioa amaitu ditzan exijitu. Are gehiago, genozidioaren erantzuleak nazioarteko epaimahai batek epaituak izan behar dira, egindako sarraskiaren arduradun gisa.

Euskal Herrian hamaika eremutan erakuts daiteke Palestina babesteko eta Israel isolatzeko determinazioa. Dagoeneko hala gertatzen ari da, eta horren froga dira azken hilabeteetan hainbat esparrutan hartutako askotariko konpromisoak, besteak beste, kulturan, sindikalgintzan, komunikabideen arloan, alde akademikoan, kirol munduan, instituzioetan eta osasun esparruan.

Norabide horretan, Gernika-Palestina Deialdi Herritarrak “Palestinarekin Bat-Konpromiso Bat” aldarria sustatzen jarraituko du. Euskal Herrian konpromisoak hartu, antolatu, gauzatu eta eredu gisa zabaldu, benetan sinesten baitugu eragileek eta jendarteak egin dezakegun horretan:

• Konpromisoa, Palestina babesteko eta elkartasun aktiboan urratsak egiteko (arlo ekonomikoan eta humanitarioan).
• Konpromisoa, Palestina babesteko, genozidekin harremanak eteteko, eta oro har, gure praktiketan kode etikoa barnera dadin.
• Konpromisoa, nazioarteko legedia errespeta eta aplika dadin eskatzeko eta, Gernikaren herritik, bakearen aldarria mundura zabal dezagun.

Jarrai dezagun konpromisoaren bidean, genozidioa desagerrarazteko ekarpena eginez, mundu justuagoa eta etorkizun itxaropentsua eraikitzen.

Donostia, 2025eko azaroaren 8an

Visitas: 6