Hilabete batzuetako negoziazioen ondoren, Astilleros Balenciagak Abu Dhabi Ports talde arabiarrari behin betiko saltzeko erosketa-protokoloa sinatu du igande honetan. UGT Euskadiko Industria, Eraikuntza eta Nekazaritzako Federazioak (FICAk) modu positiboan baina zuhurtasunez jaso du albistea. Izan ere, salerosketa egin ahal izateko, bi urrats daude egiteke: Langile batzordearekin adostea eta Eusko Jaurlaritzak lurrak ematea. Ildo horretan, UGT FICAk azken akordioak lan-baldintzak zaintzeko eskatzen dio konkurtso-administrazioari. Era berean, Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio lurrak emateko administrazio-izapideak arintzeko.
UGT FICAko arduradunek langile guztiek orain arte egindako ahalegina nabarmendu nahi izan dute, ezegonkortasun ekonomiko eta emozional handia jasan baitute, lan-etorkizunari buruzko ziurgabetasuna eta zor diren hamar nomina inguru direla eta.
Horregatik, akordio honetan Abu Dhabi Ports taldeak lan-karga bermatzeko eta enpleguari eusteko konpromisoa hartu badu ere, sindikatuarentzat ezinbestekoa da ere soldata-baldintzei eustea.
Gainera, enpresa arabiarrari zein konkurtso-administrazioari eskatzen diete ahalik eta denbora laburrenean ordain diezazkiotela zor guztiak plantillari. Bestalde, UGT FICAk gogorarazi dio Eusko Jaurlaritzari, Gipuzkoako ontziola kokatuta dagoen lurren jabeari, behar-beharrezkoa dela, behin akordioa sinatuta, gobernuak lurren titulartasuna aldatzeko izapideak «premiaz» egitea.
Visitas: 3














