UGTk grebara deitu du Bizkaiko Grafikagintzan, negoziazioaren blokeoaren kontra

Sindikatuak hamar egunez lanuzteak egingo ditu, martxoaren 18tik aurrera, hitzarmen duina aldarrikatzeko
Print This Post
  
  
Email This Post   


UGT Euskadiko Industria, Eraikuntza eta Nekazaritza Federazioak, FICAk, hamar greba egun deitu ditu Bizkaiko Arte Grafikoen sektorean, hitzarmen duina eskatzeko eta patronalak negoziazioan duen blokeoaren aurrean. Lanuzteak martxoaren 18an hasiko dira eta apirilaren 1era arte iraungo dute (martxoak 18, 20, 23, 24, 25, 26, 27, 30 eta 31, eta apirilaren 1ean).

FICA-UGTtik salatu dutenez, negoziazio mahaiak orain arte egindako bileretan ez da aurrerapauso nabarmenik eman. Egoera horren aurrean, «presioaren bidez bakarrik» lortuko dute Bizkaiko patronala sektoreko langile guztientzat duintasun baldintzak bermatuko dituen akordio batera eramatea.

Sindikatuak «onartezintzat» jo du enpresek lurraldeko Grafikagintza sektorean lan eta soldata-baldintza duinak ahalbidetuko dituen akordio bat lortzera bideratutako ekarpenik egin ez izana, egungo errealitate ekonomikoari egokitutakoa: «Hilabeteetako negoziazioaren ondoren, UGT-FICAtik uste dugu mobilizazioa beharrezkoa dela egoera horri buelta emateko».

Hala, grebaren bidez, UGTk honako oinarriak jasoko dituen hitzarmena eskatuko du:

  • Bizitzaren kostuarekin bat datozen soldata-igoerak, galdutako erosteko ahalmena berreskuratzeko.
  • Enplegu-egonkortasunaren bermeak.
  • Sektoreko lan eta gizarte baldintzak hobetzea.

Azkenik, sindikatutik negoziazioei berriro ekiteko deia egin diote patronalari, «jarrera eraikitzailearekin eta akordiorako benetako borondatearekin, gatazka luzatzea eta horrek enpresentzat zein langileentzat dituen ondorioak saihestuz».

Visitas: 7