Gaur, ekainak 10, egun osoko hirugarren greba-eguna egin dugu Bizkaiko arrain kontserben sektorean. Aurretik lanuzte partzial bi -apirilaren 23an Bermeon eta apirilaren 30ean Ondarroan- eta greba egun bi -maiatzaren21ean eta ekainaren 8an- burutu ditugu. Borroka egun guztiak oso arrakastatsuak izan dira. Ekoizpena ia osorik gelditu da SALICA, SERRATS, ZALLO, ORTIZ, OLASAGASTI, AGUIRREOA, MARINO eta HEISA bezalako enpresetan. CEBEKentzako mezua argia da: negoziatzen hasi eta sektoreko langileen lan-baldintzak nabarmen hobetuko dituen edukirik proposatzen ez badu, gatazkak bere bidea jarraituko du helburuak lortu arte.
Sektore erabat feminizatua da eta tradizio zein sustrai handia du Bizkaiko elikadura-industrian. Alabaina, historikoki soldata oso baxuak izan ditu, lan hau etxeko soldata nagusiaren «osagarri» huts bat zelako ideiari lotuta egon baita. Gaur egun, beste profil bat gehitu zaio sektoreari: pertsona migratuen kolektiboa. Patronal honen arabera, badirudi horiei ere ez dietela soldata eta lan-baldintza duinik bermatu behar.
Gaur ere, langileok nahikoa dela esan dugu eta gure enplegua zein lan-baldintzak duintzeko unea dela aldarrikatu. Lan-karga izugarriak dituen sektorea da, sarritan aitortu gabeko lanbide-gaixotasunak eragiten dituena. Horrez gain, Aldi Baterako Lan Enpresen (ETT) bidezko finko-etenkako kontratuek ez dute inolako egonkortasunik ematen eta sektoreko langileen prekarietatea betikotu besterik ez dute egiten.
Guzti honengatik eta beste hamaika arrazoigatik, argiak dira greba-egun hauen helburuak:
- Soldata duinak, KPIa (IPC) bermatuko dutenak.
- Genero soldata arrakalari behingoz amaiera ematea. Patronalak berak sektorean onartzen duen arrakala lehenbailehen ixtea, eta lanbide-sailkapena behar bezala baloratuko duten egiazko politikak abiaraztea.
- Mugak jartzea finko-etenkako kontratuei eta ABLEei (ETT).
- Lan-aldia murriztea, kontziliazioan irabazten jarraitzeko.
Azken batean, sektorean lan egiten dugunoi duintasunez bizitzea ahalbidetuko diguten lan-baldintzak nahi ditugu. Horregatik, eta CEBEKri argi geratu dakion: patronalak gure lan-baldintzak nabarmen hobetuko dituen eskaintza bat egin arte eta gure helburua lortu arte, borrokan jarraituko dugu.
BIZKAIKO ARRAIN KONTSERBAK BORROKAN!!
BORROKA DA BIDE BAKARRA!!
GORA LANGILEON BORROKA!!!
Visitas: 5

















