UGT Euskadik eta CCOO Euskadik prentsaurreko bateratua eman dute gaur Bilbon, Tximi Lopez UGT Euskadiko Kudeaketa Batzordeko presidentea eta Santi Martinez CCOO Euskadiko idazkari nagusia bertan zirela, azaroaren 11rako deitutako Greba Orokorraren inguruko mobilizazioak aurkezteko.
Prentsaurrekoan, Tximi Lopezek dei irmoa egin dio euskal gizarte osoari greba egunean masiboki parte hartzeko. «Azaroaren 11n Euskadi gelditu behar dugu. Lantokiak eta ikastetxeak hustu behar ditugu», adierazi du Lopezek, «etxebizitza oinarrizko eskubidea dela lau haizeetara aldarrikatzeko, erakunde, indar politiko eta eragile ekonomiko guztiei eragiten diena».
UGT Euskadiko buruak balioa eman dio lortutako fronte komunari, gainerako sindikatuek bat egin baitute UGTk eta CCOOk konfederazio mailan egindako deialdiarekin, maizterren elkarteekin batera: «Euskal gizarteak ez zukeen inoiz ulertuko bi deialdi bereizi oinarrizko eskubide berbera aldarrikatzeko. Horregatik, zuzena da norabide onean bultzatu dutenen erantzukizuna eskertzea, herritarren eskubideen gainetik siglak jarri nahi izan dituztenen aurrean».
Arazoaren irakurketa historikoa eginez, Lopezek gogora ekarri ditu etxegabetzeen biktimak, hala nola Amaia Egaña Barakaldon (2012an) edo Josean Ibarrekolandan (2013), eta ohartarazi du arazoak bere horretan dirauela, duela egun gutxi Arrigorriagan gertatutakoa bezalako gertakariekin. «Azaroaren 11ko greba orokorra oinarrizko ondasun batekin espekulatzen dutenen diru-goseari emandako erantzuna da», adierazi du.
Lopezek autonomia erkidegoko etxebizitza larrialdiari buruzko datu nagusiak errepasatu ditu. Lurzoruaren eta erosketaren prezioak maximo historikoetan daude, etxebizitzaren prezioa soldaten bikoitza hazten da, Etxebiden ia 110.000 pertsona daude erregistratuta eta hiru gaztetik bik ezin dute emantzipatu:
«Alokairuek soldaten erdia ere eramaten dute. Pepe Alvarez lankideak ondo dioen bezala, ‘ez dago bizi-kostuaren gaineko etxebizitzaren prezioaren eragina jasan dezakeen hitzarmenik’. Horregatik, soldaten hobekuntzan tematzen jarraituko dugu, egun, lan bat izateak ez baitu bermatzen hilaren amaierara iristea, ezta bizitza-proiektu duin bat ere.»
Greba eguna «greba politikoa» dela dioten kritikei dagokienez, UGT Euskadiko kudeaketa batzordeko presidenteak ez du zalantzarik izan erabat onartzeko: «Bai, greba politikoa da. Lehenik eta behin, erabaki politikoek etxebizitzari edo bankuen eta multinazionalen gaineko zergei buruzko legeak egiten dituztelako; bigarrenik, pertsonala politikoa delako; eta hirugarrenik, eskuin muturraren mehatxuen aurrean, pentsioak edo Lanbide arteko Gutxieneko Soldata bezalako oinarrizko lorpenak defendatu behar ditugulako».
Azaroaren 11rako deitutako manifestazioak
UGT Euskadik eta CCOO Euskadik azaroaren 11ko goizean hiru euskal hiriburuetan egingo diren mobilizazio bateratuak jakinarazi dituzte:
| Hiriburua | Ordua | Ibilbidea / Hasiera | Amaiera |
| Bilbao | 11:30 | Euskadi Pz. | Udaletxeko zubia |
| Donostia | 12:00 | Alderdi Eder | Boulevard kioskoa |
| Vitoria-Gasteiz | 11:30 | Gobernu ordezkaritza | La Florida |
Era berean, bi sindikatuek dei zuzena egin diete herritar guztiei arratsaldean eragile sozial desberdinek bultzatutako martxekin bat egiteko, «etxebizitza duin baten aldeko oihua Euskadiko herri eta hiri guztietan ozen entzun dadin».
Visitas: 14

















