UGT Euskadiko Industria, Eraikuntza eta Nekazaritzako Federazioak (UGT FICA Euskadi) bere XV. Kongresua ospatu du gaur Barakaldon, non Patxi Martinez federazioko idazkari nagusi berria hautatu duten, bertaratutako 120 ordezkarien botoen %99aren babesa jaso ondoren. Saio publikoaren irekiera eta itxiera ekitaldian, ordezkaritza instituzional eta sindikal nabarmena izan da.
Bertaratutako instituzioen artean, Mikel Torres lehendakariordea eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburua; Elena Perez Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordea; eta Javier Hurtado, orain gutxira arte Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburua. Erakunde politiko eta sindikalen aldetik, Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia; Arantza Agote UGT Zerbitzu Publikoetako Euskadiko idazkari nagusia; Tximi Lopez UGT Euskadiko kudeaketa-batzordeko presidentea; eta Mariano Hoya UGT FICAko idazkari nagusi estatala izan dira.

Emaitzak ezagutu ondoren, Patxi Martinezek egun hau «federazioarentzat ospakizun eguna» dela adierazi du, zuzendaritza berriaren parte-hartzean eta bozketan lortutako adostasun handia azpimarratuz.
«Egun garrantzitsua eta aurrerapauso bat dela uste dugu, federazioari aurrera egitea ahalbidetzen diona», adierazi du FICA Euskadiko idazkari nagusi berriak. «Modu aktiboan lan egingo dugu eta beharrezkoa den guztia emango dugu Euskadiko industria federazioak merezi dituen ordezkaritza lortu dezan».
Hautaketaren ondorengo adierazpenetan, Martinezek eskerrak eman dizkie orain arte aritutako taldeari eta ordezkariei, kongresuaren antolaketan egindako lanagatik eta dedikazioagatik.
«Guztiontzat ilusioz betetako erronka bati egingo diogu aurre. Ahal dugun lan guztia egingo dugu federazio hau dagokion lekura eramateko eta indar guztiarekin abiatuko gara langileei erantzuteko», amaitu du Martinezek.
Bestalde, Mariano Hoya estatuko UGT FICAko idazkari nagusiak kongresuaren emaitzarekin eta kudeaketa-batzordearen etaparen amaierarekin pozik agertu da:
«Oso pozik gaude. Uste dugu langileentzat, enpresentzat eta Euskadiko UGTrentzat oso beharrezkoa zela etapa hau ixtea, eta ondo itxi da: elkarrizketarekin, adostasunarekin eta ulermenarekin», nabarmendu du Hoyak, %99tik gertuko babesa gertaera historikotzat joz.
Era berean, federazioko buruzagi estatalak Martinez buru duen zuzendaritza-talde berriaren balioa azpimarratu du: «Hazkunde eta indartze etapa bati ekingo diogu. Patxiz eta zuzenduko duen taldeaz oso harro gaude, non sentsibilitate guztiak ordezkatuta dauden eta nahi izan duten kide guztiek parte hartu duten. Laster nabarituko dute enpresek eta langileek: UGT FICA itzuli da».
Idazkari nagusi berriaren profil laburra
Patxi Martinez ITP Aeroko langilea da, baina aurretik metalaren sektoreko beste enpresa txiki batzuetan lan egin du. Hogei urte baino gehiago daramatza UGTn afiliatuta, eta 15 urtez langileak ordezkatu ditu. Sei urte daramatza bere atal sindikaleko idazkari nagusi gisa eta lau urte ITP Aeroko Enpresa Batzordeko presidente gisa. Denbora horretan, berregituraketa bati, hainbat erregulazio espedienteri eta 4 hitzarmenen negoziazioari aurre egin behar izan die.
Visitas: 5

















