Bizkaiko hiri-hondakinen tratamenduaz arduratzen den TMB Arraiz ABEEko Langile Batzordeak lanuzteak eta mobilizazioak deitu ditu gaurtik aurrera, langileek pairatzen duten eta salatzen urteak daramatzaten egoera larriaren aurrean.
Lantegian ordezkaritza duten UGT, ELA eta LAB sindikatuek adierazi duten bezala, «instalazioen narriadura eta makineriaren mantentze-lanik eza, Valoriza-Eco enpresak neurri eraginkorrik hartu gabe jarraitzen du, langileen segurtasuna eta osasuna arriskuan jarriz».
Salatu duten bezala, egoera horri «zuzendaritzaren utzikeria eta Aldundiaren kontrolik eza» gehitu behar zaizkio. Hori dela eta, Batzordeak irmo erantzuteko erabakia hartu du, jarduera geldituz eta kalera ateraz lan-osasunaren arloko kontrol zorrotzak eskatzeko, «ez dugu onartuko gure osasuna arriskuan egotea, segurtasun-baldintzetan lan egitea oinarrizko eskubidea baita». Soldata-igoera «erreala» ere eskatzen dute, «bizitzaren kostuaren igoerarekin bat datorrena».
Hala, lanuzteak gaur, bihar eta etzi (maiatza 7, 8 eta 9) egingo dira, 12:00etatik 14:00etara eta 14:00etatik 16:00etara asteazkeneko lanaldian; 4:00etatik 6:00etara ostegunean eta 14:00etatik 16:00etara ostiralean. Deialdi bakoitzak hainbat lan-arlo eta txanda interpelatuko ditu. Bestalde, bihar, hilak 8, mobilizazioak egingo dituzte Garbikerren (Kale Nagusia 44), 16:30etik 17:00etara, eta Jasangarritasun Sailean (Errekalde zumarkalea 30), 17:00etatik 17:30era. Maiatzaren 15ean, Diputaziotik (Kale Nagusia 25) kalera irtengo dira 10:00etan eta Garbikerren amaituko da 11:00etan.
Visitas: 7