Eraso inperialisten aurrean, Venezuelak burujabetza

Kalera ateratzeko dei egiten dugu urtarrilaren 4an, euskal hiriburuetan.
Print This Post
  
  
Email This Post   


HEGOAK Elkartasun Plataformatik irmoki salatzen dugu azken orduetan Estatu Batuakek Venezuelaren aurka egindako eraso militarra eta Venezuelako presidente hautatuaren bahiketa ilegala.

Oso gertakari larriak eman dira azken orduetan Venezuelan. Lehen aldiz Estatu Batuetako armadak lurralde venezuelarra erasotu du jendarte zibilaren artean biktimak eraginez. Hori gutxi ez eta Venezuelako presidente Nicolás Maduro bahitu eta herrialdetik atera du bere emaztearekin batera. Gertakari hauek guztiz neurrigabeak dira eta ez dituzte inondik inora nazioarteko legedia eta Nazio Batuen Erakundearen Karta errespetatzen.

Hegoak plataformatik munduko herri eta pertsona guztien burujabetza aldarrikatuko dugu ezinbesteko printzipio gisa. Inork ezin du venezuelar herriaren gaineko erabakirik hartu, hori venezuelar herriari soilik dagokio eta ez beste inori.

Donald Trumpek 2025eko urtarrilaren 20an kargua hartu zuenetik, munduko herrien aurkako estrategia neokolonial baten ezarpena bizitzen ari gara; estrategia hori esku-hartzeetan, mehatxuetan, xantaian eta eraso militarretan oinarritzen da, bereziki Palestinan, Latinoamerikan eta Karibean eragin handia izanik.

Jarrera hori AEBetako administrazioa osatzen duten multinazionalen interesei lotuta dago zeinak menpekotasun ekonomikorako estrategia oldarkor batekin, presio politikoekin eta indar militarraren erabileraren mehatxuarekin konprometituta daude. Monroe Doktrinaren eguneratzeak, diskurtso belizista kezkagarri batez lagunduta, erasoa eta xantaia normalizatu nahi ditu Washingtonen eta kontinentearen arteko harremanean.

Bestetik, arreta berezia jarri nahi dugu Nicolás Maduro presidentearen eta bere emaztearen bahiketan. Guztiz onartezina da eta ez du inondik inora laguntzen egoera konpontzen. Maduro Venezuelara itzuli eta aske uztea behar beharrezkoa da egoera bideratu ahal izateko.

Era berean, Venezuelako herriarekin elkartasuna adierazi nahi dugu, eta haien autodeterminazioa, instituzioak, subiranotasuna eta lurralde-osotasuna errespetatzeko eskatzen dugu. Herrialdearen aurkako eraso militarrek mehatxu larria dakarte latinoamerikako eta mundu mailako bakearen eta egonkortasunaren eraikuntzan; horregatik, nazioarteko komunitateari exijitzen diogu eraso hauek salatu eta neurri zorrotzak har ditzan.

Eraso inperialisten aurrean Venezuelak burujabetza!

Venezuelar herriarekin bat!

Visitas: 2