Gernikaren herritik, bakea eta justizia

UGTk bakea eta justiziaren aldeko manifestua sinatu du
Print This Post
  
  
Email This Post   


Gernikaren herria da gurea, gerraren ankerkeria eta basakeria pairatu dituen herria.

Elkartasuna adierazi diogu Palestinako herriari, genozidioa salatu dugu, baita Israelgo Gobernuak jarduteko duen inpunitatea ere. Salatu dugu inpunitate horrek nazioarteko zuzenbidearen urraketa berriei ateak irekitzen dizkiela, biztanleria zibilaren aurkako bonbardaketei, gosea gerra-tresna gisa erabiltzeari… eta, zoritxarrez, ez gara gai izan guzti honi amaiera emateko.

Baina ez dugu itxaropena galdu: etorkizun amankomun bat irudikatu dugu, Palestinako herriarekiko elkartasun aktibo eta materiala, genozidioaren salaketa masibo eta etengabea eta haren egileen jazarpen judiziala, bidean adostasun zabalak bilatuz.

Palestinaren aurkako erasoei, Libano eta Irango azken erasoak gehitu zaizkie, eta gatazka zerrenda luze bati batu zaizkio: Errusiaren Ukrainako inbasioa, Afrikako eta Amerikako kontinenteetan etengabeko desegonkortzea eta esku-hartzea, Mendebaldeko Sahararen okupazioa eta beste hainbat herrirena. Guzti hauek milioika pertsona heriotzera, miseriara eta sufrimendura kondenatzen dituzte. Ezin dugu, bestetik, eskalada nuklearra ahaztu, berriro ere gizateriaren etorkizunerako benetako mehatxu bihurtu dena.

Honen aurrean, herri guztien bakea eta autodeterminaziorako eskubidea defendatzen dugu, baita oparotasuna ere, inposatua ez den zerbait bezala ulertuta. Nazio Batuen Gutuna eta nazioarteko zuzenbidea defendatzen ditugu, bizikidetza baketsurako marko inperfektu baina beharrezko gisa.

Elkarrizketa, diplomazia eta negoziazioaren bidea defendatzen jarraituko dugu gatazkak konpontzeko. Militarismoaren aldeko apustuaren, gerra-eskaladen, erasoen eta beldurraren politikaren aurrean, pertsonen ongizatea eta herrien eskubideak eta subiranotasuna erdigunean jarriko dituen segurtasun-politika defendatuko dugu.

Sinatzen dugun eragileok gure konpromiso kolektiboa adierazten dugu gerraren aurka eta bakearen, justiziaren eta herrien subiranotasunaren alde.

Gernikaren herria gara: gerraren, basakeriaren eta militarismoaren aurka gaude; Palestinar herriaren eta munduko herrien etorkizunarekin konprometitzen gara. Israelen inpunitatea amaitzea eskatzen dugu eta gure esku dagoen guztia egingo dugu erregimen genozida hori isolatzeko. Hori da gure konpromisoa eta guztion ardura da hori praktikara eramatea.

Visitas: 10