Hitzarmen duin baten eta prekarietaterik gabeko jaien alde, abuztuaren 5ean grebara goaz

Ikuskizunen ete ekitaldien sektoreak greba egingo du abuztuan lehenengo aldiz
Print This Post
  
  
Email This Post   


Joan den uztailaren 21ean iragarri bezala, Ikuskizun eta Ekitaldien lehen Hitzarmena negoziatzen ari garen sindikatuok 3 greba-jardunaldi deitu ditugu EAEko hiru lurraldeetan, hiru hiriburuetako jai-astearekin bat eginez.

Abuztuaren 5ean greba Araban izango da.

Bi urte eta erdiren ondoren, hitzarmen kolektiboko negoziazioa blokeatuta dago, EUKI enpresa-elkartearen erabateko pasibotasunagatik eta negoziatzeko borondate ezagatik.

Bitartean, ikuskizunetako eta ekitaldietako langileok gure jarduera aurrera ateratzen dugu erabat desarautua dagoen sektore batean, non normalean oinarrizko lan-eskubideak urratzen diren.

Beste behin ere, patronalak erakutsi du ez duela borondaterik gutxieneko erregularizazio baterantz aurrera egiteko, lan-baldintza duinak bermatzeko eta lan-baldintzak alde bakarretik inposatzeko orduan duten indar-posizioari amaiera emateko.

Lan baldintza hauen ondorioz, gure sektorean ohikoa dira prekarietatea, behin-behinekotasuna, legez ezarritako atsedenik gabeko lanaldi amaigabeak, jaiegun-plusik gabe, gau-plusik gabe, bizitza pertsonalarekin uztartzeko aukerarik gabe eta beti enpresen eskura, eta, Lan Ikuskaritzak adierazi duen bezala, eskubide urraketa etengabe bat.

Orain sektore honetan lan egiten dugunok, iraganean ez bezala, antolatuta eta elkartuta gaude, abusu-egoera hauek aldatzeko asmo sendoz, gure lanbidetik baldintza duinetan bizi ahal izateko esperantzaz.

Greba Batzordean argi daukagu hori lortzeko bide bakarra borroka dela, TEKNIKARIOK, ESK, LAB, UGT, CCOO, ELA eta CNT erakunde sindikalen babesa eta euskarria dugu.
GASTEIZKO TXOSNAK BATZORDEAk eta GKS eta ETXEBIZITZA SINDIKATUAren txosnek ere bat egiten dute borroka honekin.

Bihar hasiko dira Andre Maria Zuriaren jaiak, milioi askoko aurrekontua duten jaiak, eta, hala eta guztiz ere, laneko esplotazioarekin eta prekarietatearekin lotuta egongo dira.

ABS-FLUGE EUSKADI S.L., ABS ILUMINACION S.L. eta AUDIOMIC PRODUCCIONES S.L. enpresak, hurrenez hurren, Foruen plazako, Matxete plazako eta Probintzia plazako lanen esleipendunak, aipatu nahi ditugu. Horiek, EAEn jarduten duten eta egoitza duten beste batzuk bezala, salatzen ari garen prekarietate-egoeraren erantzule dira.

Aldi berean, Gasteizko Udalaren erantzukizuna salatu nahi dugu, jai hauetako ikuskizun eta ekitaldien sustatzailea den heinean. Kontratuak esleitzen ditu langileok zein baldintzatan lan egiten dugun kontuan hartu gabe.

Izan ere, zuzenean edo dirulaguntza eta laguntza publikoen bidez, erakundeak dira gure inguruko ekitaldien sustatzaile nagusiak. Hala ere, ez dute inolako kontrolik egiten ekitaldi horiek posible egiten dituzten langileen lan-baldintzetan.

Horregatik diogu NAHIKOA DELA.

Hitzarmen duin baten alde, eta prekarietaterik gabeko jai batzuen alde… Hilaren 5ean grebara goaz.
Gora Langileon Borroka!

Arabako Greba Batzordearen komunikatua

Visitas: 3