«Lurra, justizia, bakea» Palestinaren aldeko adierazpena

Gernika-Palestina ekimenaren agerraldian izan gara Donostian, Palestinako herriaren aurkako sarraskia geldiarazteko aldarria euskal gizartearekin partekatzeko.
Print This Post
  
  
Email This Post   


Israelgo Estatua da Nazio Batuen ebazpen baten bidez sortutako lehen estatu modernoa.

Palestinaren auzia nazioarteko komunitatea interpelatzen duen gatazka historikoa da. Herrialde arabiarren ordezkariek adierazi zuten Palestina zatitzea bidegabekeria historikoa zela, helburu geoestrategikoa zuen Mendebaldearen injerentzia. 1948an, Bigarren Mundu Gerra amaitzean, Nazio Batuen Erakundeak Palestina bitan banatzea onartu zuen: hebrear estatua, alde batetik, eta arabiar estatua, bestetik. Estatu Palestinarra ez zen sortu eta Mendebaldeko herrialdeek Israel armatu zuten.

Orduz geroztik, Israelgo Estatuak etengabe eta sistematikoki urratu ditu Nazio Batuen ebazpenak. Amnistia Internazionalaren arabera, Israelek soilik bete ditu giza eskubideen arloan zuzendu zaizkion ebazpenen % 0,5, eta muzin egin die sistematikoki egin zaizkion dei guztiei, legez kanpoko asentamenduekin, lurralde palestinarren anexioarekin eta konfiskazioarekin, eta bortxazko husteekin eta palestinarren jabetzak suntsitzearekin amaitzeko. 2024ko uztailaren 19an Nazioarteko Justizia Auzitegiak ebatzi bezala, lurralde palestinarren israeldar okupazioa ilegala da, eta berehalakoan honekin amaitzea eskatu du, nazioarteko zuzenbidearen bortxa baita. Israelek ez ditu aintzat hartu nazioartetik egin zaizkion eskaerak beren lurraldetik kanporatutako eta kanpalekuetan eta beste herrialde batzuetan errefuxiatutako ehunka mila palestinarren eskubideak onartzeko, eta sistematikoki urratu ditu palestinarren giza eskubideak, eskubide politikoak eta historikoak, apartheid-egoera bat ezarrita praktikan.

2023ko urriaren 7an, Hamasek eta Gazako Zerrenda okupatuko beste talde armatu palestinar batzuek ezustean eraso zioten Israeli: mila pertsona baino gehiago hil, 200 lagun bahitu eta 3.000tik gora zauritu izan ziren.

Israeldar agintarien erantzuna basatia izan zen. Gerra-egoera deklaratu zuten eta, urtebete eta 6 hilabete geroago, Gazako hondamendi humanitarioak ez du aurrekaririk. Nazioarteko Gurutze Gorriaren datuen arabera, 47.000 pertsona baino gehiago hil dira; horietatik % 70 emakumeak, haurrak eta adineko pertsonak. 111.563 lagun zauritu eta 10.000 pertsona baino gehiago desagertu dira. 1,9 milioi pertsona inguruk utzi behar izan dute beren etxea, Zerrendako biztanleria osoaren % 90. Eraikin zibilen % 92, eskolen % 88 eta errepideen eta laborantzako-lurren % 68 suntsitu edo kalte handiak izan dituzte. Goseteak ia bi milioi pertsonari eragin die. Heriotzaren eta suntsipenaren irudiak danteskoak dira.

Mundu osoak ikusi ditu genozidioaren irudiak, Palestinaren aldeko mobilizazioak jendetsuak, globalak eta transbertsalak izan dira. Euskal Herriak egoerak eskatu bezala erantzun du, eta esan daiteke Gernikako herriaren gehiengo soziopolitikoak elkartasuna adierazi diola Palestinari eta exijitu duela amaitzeko Israelgo Estatuaren zigorgabetasuna.

2025eko urtarrilean, su-etena lortu zen. Orduan esan genuen aukera bat ireki zela palestinarrak Gazan pairatzen ari ziren erasoa amaitzeko eta, beraz, suetena albiste ona zela. Dena dela, akordioa eta su-etena ez dira bake prozesu iraunkorraren sinonimo. Okupazio militarra ez da bukatu eta arazo ugari izan dira su-etena hasi zenetik.

Ezin dugu ahaztu, gainera, 2025eko urtarrilaren 19an, Gazan su-etena indarrean sartu zenean, Israelgo gobernuak adierazi zuela Zisjordanian “erasoa areagotzeko” helburua gehitu ziola bere “gerra helburuen” zerrenda ofizialari. Adierazpen hori honako honen baieztapen formal bat besterik ez zen izan: hots, 2023ko urriaren 7tik, Zisjordania Israelentzat fronte bat gehiago da palestinarren aurka deklaratu duen gerra totalean.

Israelek su-etena hautsi izanak berriro elkartu gintuen joan den larunbatean, bi helbururekin: beste behin salatzea Palestinako herriaren aurkako basakeria eta Israeli exijitzea amai dezala behingoz palestinarren aurkako oldarraldia.

Eragile sozial, politiko eta sindikal sinatzaileok honako ADIERAZPEN hau adostu dugu:

  1. Gaurdaino ezagutu dugun nazioarteko ordena aldatzen ari da. Unekonplexua bizi dugu, ez soilik Ekialde Hurbilean, baita Europa mendebaldean ere. Nazioarteko zuzenbidea eta negoziazioaren kultura zalantzan daude eta gerra hotsak dena zipriztintzen du. GernikaPalestinak bakearen aldeko adierazpen irmoa adierazi nahi du. Nazioarteko harremanak eta orekak aldatzen ari diren honetan lidergo politikoen garaia da.
  2. Israelek bere operazio militarrak berehala gelditu behar ditu, Gazatikerretiratu behar du eta nazioarteko zuzenbideak finkatzen dituen dituen betebehar legalak gauzatu behar ditu, Nazioarteko Justizia Gortearen behin-behineko neurriak barne.

◦ Nazioarteak premiazko neurri diplomatiko eta legalak hartu behar ditu su-etena betearazteko.

◦ Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak ausardiaz jokatu behar du, erasoa gelditzeko eta Palestinako biztanleria zibila babesteko neurriak hartuz.

◦ Estatu eta erakunde guztiei eskatzen diegu Nazioarteko Zigor Gortearen irizpideak betetzeko neurri zehatzak har ditzatela. Era berean, eten dezatela Israelekin armen salmenta eta laguntza militarra, gerra krimenetan eta gizateriaren aurkako krimenetan konplizitatea prebenitzeko dituzten betebeharrak betez.

◦ Europar Batasunari eskatzen diogu Israelekin dituen akordioak haustea, Israelekin armen salerosketa amaitzea eta presio diplomatiko eraginkor baterako politika izan dezan.

Justiziarik gabe ez da bakerik izango, eta inpunitatea gailentzen den bitartean ez da justiziarik izango ere.

3) Berretsi nahi dugu elkarrizketa eta negoziazioa direla gatazka politiko guztietan bake justu, egonkor eta iraunkorra lortzeko tresna nagusiak. Gaur, Palestinako Lurraren Egunean, okupazioari eta palestinar herriari ezarritako apartheid sistemari bukaera emango dion konponbide integral bat aldarrikatzen dugu. Palestinaren autodeterminazio eskubidea aldarrikatzen dugu. Palestinari ahotsa ematea eta erabakitzeko duten eskubidea bermatzea ezin da arazoa izan, konponbidearen hasiera baizik. Segurtasunari eta bakeari eginiko ekarpena, Palestinan eta mundu osoan.

Elkartasun aktiborako deia eginez amaitzen dugu adierazpen hau. Mendebaldeko gizarteak ez gara basakeria honen erantzule zuzenak baina axolagabekerian edo pasibotasunean erortzeak gizatasuna kenduko liguke.

Ahal dugun neurrian emateak eta laguntzea egiten gaitu gizatiar. Palestinarentzat etorkizun berri bat eraiki eta herri palestinarraren zauriak sendatzeko garaia da. Euskal Herritik bakea, justizia eta errespetua bultzatzea etorkizuneko erantzunak ematea da eta, beraz, hori ere bada gure konpromisoa. Historiaren alde onari ekarpena egiten saiatuko da Euskal Herria.

Donostian, 2025eko Martxoaren 29an

Visitas: 0