M1 | Lortutakoari eutsi, etorkizuna irabazi

Maiatzaren Leheneko UGT-ren manifestua.
Print This Post
  
  
Email This Post   


UGT-Euskadik, sindikalismo internazionalista, solidario eta eraldatzailearekin duen konpromiso irmotik, Maiatzaren Lehen honetan sindikatuen arteko lankidetzarekin eta mundu osoko lan- eta gizarte-eskubideen defentsarekin dugun konpromisoa berresten du. Eraldaketa sakoneko nazioarteko testuinguruan, sindikalismoa aldarrikatzen dugu gizarte justuagoak eta demokratikoagoak eraikitzeko funtsezko tresna gisa.

Omenaldia egin nahi diegu gizarte eta lan-eskubideak defendatzeagatik jazarpena eta hilketa jasaten dutenei, eta elkartasuna adierazten diegu errepresioa, okupazioa eta gerra jasaten duten herriei. Errusiaren inbasioaren ondoren Ukrainan gatazka belikoak jarraitzen duela gaitzesten dugu. Palestinan okupazioaren amaiera ere eskatzen dugu, bertako biztanleriaren garbiketa etnikoa, Gazako genozidioaren amaiera eta Zisjordaniako erasoak bukatu behar dira. Isiltasuna eta neutraltasuna ezin dira aukerak izan. Nazioarteko komunitatearen gelditasunak Netanyahuren gobernuak nazioarteko zuzenbidea urratzen jarraitzea ahalbidetzen du. Palestinako herriarekiko konpromisoa eta elkartasuna berresten ditugu, Estatu propioa izateko eskubidea dutelako, Israelgo Estatuarekin bakean eta segurtasunean bizi ahal izateko.

Trumpen administrazio berriak bultzatutako gerra komertzialak, munduko merkataritza larriki mehatxatzen duten muga-zergak ezarrita, Europako Batasunaren erantzun irmoa eta koordinatua behar du. Muturreko eskuindarren politikei, zeinak sustatzen baitute ongizate-estatua desegitea, zerbitzu publikoak hondatzea, aniztasunarekiko gorrotoa, berdintasun-politiken aurkako jarrera, arrazismoa eta xenofobiaren defentsa edo krisi klimatikoaren negazionismoa, Europako proiektuaren kontrako jarrera irekia gehitu zaie. Horiei aurre egiteko, beharrezkoa da estatu kideen lankidetza indartzea, Europa indartsu eta bateratu batean aurrera egiten jarraitzeko, integrazio politiko handiagoa izango duena, justizia soziala lehenetsiko duena, desberdintasun sozialak murriztuko dituena eta pobreziarekin amaituko duena, baliabideak mobilizatuz eta kalitatezko enplegua sortuko duten politika hedatzaileak gauzatuz, industria-errefortzuaren, trantsizio energetikoaren eta berrikuntza digitalaren bidez, klase-sindikalismoaren parte-hartzearekin, demokraziaren, kohesio sozialaren eta berdintasunaren bermatzaile gisa.

Euskadin, estatu osoan bezala, ezinbestekoa da elkarrizketa soziala bultzatzen jarraitzea, enplegu duina indartzeko, soldatak hobetzeko negoziazio kolektiboaren bidez, etxebizitza-eskubidea bermatzeko (bereziki kaltetuenak gazteak izanik, lehen mailako arazo soziala da) eta genero-berdintasunean eta indarkeria matxistaren aurkako borrokan aurrera egiteko. Gainera, Espainiako Gobernuaren eta sindikatuen arteko akordioa legez onartzeko konpromiso politikoa eskatzen dugu, akordio horrek ezartzen baitu legezko gehieneko lanaldia asteko 37,5 ordukoa izango dela.

Maiatzaren Lehenean, UGT-Euskadik mobilizaziorako deia egiten du, gizarte eta lan-eskubideak defendatzeko eta gizarte-demokrazia, bizikidetza eta aurrerabidearen zutabe den europar proiektua babesteko. Orain, inoiz baino gehiago, beharrezkoa da lortutakoari eustea eta etorkizuna irabazteko mobilizatzea.

#1 Lanaldia murriztuaren alde, bizitza irabazteko.
#2 Soldaten alde, egonkortasuna irabazteko.
#3 Feminismoaren alde, berdintasuna irabazteko.
#4 Berdintasunaren alde, askatasuna irabazteko.
#5 Negoziazio kolektiboaren alde, lan-eskubideak irabazteko.
#6 Lan-osasunaren alde, bizi-kalitatea irabazteko.
#7 Sindikalismoaren alde, demokrazia irabazteko.
#8 Demokraziaren alde, arnasa hartu ahal izateko.
#9 Pentsio, zaintza, hezkuntza eta osasun publikoaren alde ongizatea irabazteko.
#10 Industria eta landa inguruaren alde, ekonomia produktiboa irabazteko.
#11 Etxebizitzaren alde, autonomia irabazteko.
#12 Kulturaren alde, pentsamendu kritikoa irabazteko.
#13 Giza eskubideen alde, elkartasuna irabazteko.
#14 Elkartasunaren alde, segurtasuna irabazteko.
#15 Kanpoko eta barruko basakeriaren aurkako Europa sozial baten alde.

Visitas: 1