UGT-Euskadi, LAB, CCOO, ESK, STEILAS, CGT, Etxalde eta HIRUren prentsaurreko bateratua, urriaren 15eko palestinar herriaren aldeko mobilizazioak iragartzeko

Greba partzialak 11:00etatik arratsaldeko 14:00etara, arratsaldeko 17:00etatik arratsaldeko 20:00etara eta goizeko 3:00etatik arratsaldeko 6:00etara izango dira
Print This Post
  
  
Email This Post   


Stop Genocidio. Langileok Palestinarekin

Gaur Bilbon, LAB, CCOO Euskadi, UGT Euskadi, ESK, STEILAS, CGT, Etxalde eta HIRU sindikatuok, datorren urriaren 15ean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan lanuzte orokor bat deituko dugula publiko egiten dugu. Deialdi hau Nafarroan deituko dugunaren eskutik joanen da. BORROKA, MOBILIZAZIO ETA BATZARREN eguna izango da, langile klase osoaren parte-hartze aktiboa bilatzen duena.

Lanuzte orokorra goizeko 3etatik 6etara, 11:00etatik 14:00etara eta arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara izango da eraginkorra, eta mobilizazio nagusiak 11etatik 14etarako tarte horretan burutuko ditugu. Ordutegi horietan mobilizazioak antolatuko dira lantokietan, eta 12:30etan manifestazioak egingo dira Bilbo, Gasteiz, Donostia eta Iruñeko kaleetan.

Hasiera-hasieratik Israelek Palestinako Herriaren aurka egindako eraso basatia salatu dugu, eta horren aurrean hainbatetan mobilizatu gara. Gaur egun, gertatzen ari dena genozidio bat dela ez du inork zalantzan jartzen, Israelgo estatuak berak edo hura sostengatzen duten gobernu eta interes ekonomikoek salbu. NBEko Batzorde Independenteak egindako azken txostenak Amnesty International bezalako erakundeei arrazoia ematen die: Israelek Gazako Zerrendan palestinarren aurka genozidioa egin du (eta egiten ari da).

Europako mailan, herritarren presioak Europar Batasunaren eta Israelgo merkataritza-akordioa etetearen eskatzen ari den presioak fruituak ematen ari da. Hala ere, Europako Batzordeak ematen dituen urratsak beranduegi datoz eta oso eskasak dira. Horregatik, Europako Batzordeari Israelek Gazan genozidioa egiten ari dela onar dezala eta Europar Batasuna–Israel Elkartze Hitzarmena guztiz hautsi dezala eskatzen diogu. Ez da zilegi genozidioa eta gerra krimenak egin nahiz etengabe nazioarteko legalitatea urratzen dutenekin harreman komertzialak izatea.

Gogora dezagun Nazioarteko Zigor Auzitegiak Hegoafrika vs Israel auzian, 2024ko urtarrilaren 26ko, martxoaren 28ko eta maiatzaren 24ko aldi baterako neurrien aginduetan, 1948ko Genozidioari buruzko Hitzarmenaren arabera, Israelek, genozidioa osatzen duten ekintzak egiten ari denaren uste sendoa adierazi zuela. Auzitegiak Israeli genozidio-ekintzak galarazteko eta laguntza humanitarioa trabarik gabe sartzen uzteko agindu zion. Determinazio juridiko horiek estatu-aktore eta estatuz gaindiko aktore guztiei, enpresak barne, halako ekintzak materialki erraztearen dituzten ondorio juridikoen berri ematen diete. Erabilera bikoitzeko artikuluak azken erabiltzaile militarrei esportatzen jarraitzea, bereziki Nazioarteko Zigor Auzitegiak neurri lotesleak eman ondoren, gutxienez, legez kontrako azken erabilera posiblearen ezagutza eraikitzailea da, eta, beraz, erantzukizun osagarria nazioarteko zuzenbide penalaren arabera.

Azken bi urteotan ikusi dugun bezala, hemen ordezkatuta dagoen mugimendu sindikalak eta gehiengo sozial zabal batek Gazako genozidioari amaiera aldarrikatu eta Palestina estatu libre izateko eskubidea defendatzen du. Euskal Autonomia Erkidegoko instituzioek, eta estatuko instituzioek, genozidioarekin harreman oro hautsi dezatela exijitzen dugu, eta su-eten bat nahiz Palestinaren okupazioaren amaiera eta bere autodeterminazio-eskubidea erdigunean jarriko dituen irtenbide integrala lortu ahal izateko beren eskura dituzten tresna guztiak erabil ditzatela eskatzen dugu.

Halaber, Israelekin merkataritza-harremanak dituzten enpresei eta Patronalari oro har beren harremanei buruzko gogoeta etikoa egin dezatela eskatzen diegu eta ez dezatela inolako jarduera komertzialik garatu Palestinan genozidioarekin konplize diren edo nazioarteko legalitatea urratzen duten enpresa edo erakundeekin.

Gauzak horrela, urriaren 15ean enpresetan eta Bilbo, Gasteiz, Donostia eta Iruñea/Pamplonako kaleetan, honako hauek aldarrikatzeko mobilizatuko gara:

• Langile klase osoaren elkartasuna adieraztea Palestinako herriarekin.

• Genozidioa eta Israel AEBetako Gobernuaren babesarekin, Palestinako herriaren aurka egiten ari den gizateriaren aurkako krimenak salatzea.

• Palestinako Zisjordania lurraldearen etengabeko kolonizazioa, eta horrek Palestinako langile klasearen lan- eta bizi-baldintzetan dituen ondorio larriak salatzea.

• Gazako genozidioari berehalako amaiera ematea eta Palestinaren okupazio nahiz kolonizazioari amaiera emango dion irtenbide integrala aldarrikatzea, palestinar herriak askatasunean bizitzeko duen eskubidea bermatuz.

• Patronalari eta bai bertako nahiz nazioarteko instituzioei Israelgo Estatuarekin merkataritza-harreman oro bertan behera utz dezatela exijitzea. Ez da onargarria genozidio baten kontura negozioak egiten jarraitzea.

• Europar Batasunaren eta Israelgo Estatuaren arteko Elkartze Hitzarmena erabat bertan behera uztea eskatzea.

Visitas: 28