UGTk errelebo-kontratua atzerapenik gabe eskatu eta EAErako neurri propioak exijitu ditu langileen erosteko ahalmena defendatzeko

Sindikatuak Eusko Jaurlaritzari autonomia eskatu dio langileen erosteko ahalmenaren galera saihesteko
Print This Post
  
  
Email This Post   


UGTk gaur Gasteizen egindako Funtzio Publikoko Mahai Orokorrean, errelebo-kontratua «atzerapenik gabe» martxan jartzeko eskatu du: denbora gehiegi darama geldirik eta pertsona asko baitaude zain. «UGTtik sistema martxan jartzeko azkartasuna eskatzen dugu, eta administrazioei baliabide administratibo nahikoak ematea atzerapen gehiago saihesteko. Gainera, eskubide hori administrazio publikoko langile guztiei zabaltzeko eskatzen dugu».

Sindikatuaren arabera, Mahai Orokorrera aurkeztutako Aurrekontuen Legearen aurreproiektuak ez ditu zenbatekoak ezta eranskinak ere jasotzen, eta horrek zaildu egiten du balorazio zehatza egitea. Eta emandako informazio eskasak «zirriborro jarraitzaile, murriztaile eta anbizio gutxikoa» dela pentsatzera bultzatzen du.

Zentzu horretan, «bereziki kezkatzen gaitu» langileek erosteko ahalmena gal ez dezaten konpromisorik ez jasotzeak. «Euskadik neurri propioak hartu behar ditu langileen soldata-galera saihesteko, estatu mailan adosten denaren mende egon gabe». Ondorioz, «zerbitzu publiko okerragoak eta langileak baldintza okerragoetan izango ditugu. Ezinegona kalean eta sektore ezberdinetako mobilizazioetan ikus daiteke».

2026ko eta 2027ko ordainsarien igoera enplegu publikoa eta herritarrentzako zerbitzua hobetzeko Marko Akordiotik dator, estatu mailan UGTk sinatua. «Hori gabe, gaur ez genuke inolako igoerarik izango», gaineratu dute. Horregatik, sindikatuko Zerbitzu Publikoen Federazioko arduradunek ohartarazi dute «Euskadik gaitasun operatibo nahikoa duela» ordainsari-kontzeptuak hobetzeko eta administrazio guztietara zabaltzeko sektore batzuetan jada aplikatutako formulak: «Borondate politikoa baino ez da behar».

Ildo beretik, UGT Zerbitzu Publikoetatik administrazioari gogorarazi diote erkidego bakoitzari dagokiola behin-behinekotasunaren gehieneko tasa %8ra iristeko neurriak garatzea. Eusko Jaurlaritzak berezko neurriak hartzeko aukera ematen dion esparru juridikoa du, eta «bere autogobernu-gaitasuna erabil dezala eskatzen diogu. Behin-behinekotasuna ez da murriztuko akatsak errepikatuz edo prozesu arinik gabe».

Euskal administrazio publikoetako langileen batez besteko adina oso altua da, eta belaunaldi-erreleboa arazo larria bihur daiteke urte gutxiren buruan. UGTtik «lanerako prestutasun osoa» adierazi dute, betiere tresna arina martxan jartzen bada eta neurriak hartzeko oztopo ez bada.

Azkenik, lanaldiari dagokionez, sindikatuak 32 ordurantz aurrera egitearen alde egin du. Urteko lanordu efektiboen kopuruak langile guztiei eragiten die eta Mahai Orokorrean finkatu behar da. Horregatik guztiagatik, UGTk Euskal Administrazioak «anbizioz, azkartasunez eta erantzukizunez» joka dezala eskatzen jarraituko du.

Visitas: 7