Tximi Lopez UGT Euskadiko arduradunak agerraldia egin du gaur goizean Santi Martinez CCOO Euskadiko idazkari nagusiarekin batera, hiru euskal hiriburuetan Maiatzaren 1ean egingo diren mobilizazio bateratuak aurkezteko. «Eskubideak, ez lubakiak. Soldatak, etxebizitza eta demokrazia» lelopean, ostiral honetan Bilbo, Donostia eta Gasteizko kaleak betetzeko deia egin die Lopezek herritarrei.
Bere agerraldian, Lopezek azpimarratu du Euskadik nazioarteko eszenatoki ezezagun eta nahasi batean egingo diola aurre Maiatzaren Lehenari, non erabaki politikoek eta «erokeria belizistek» joko-arau globalak hankaz gora jartzen dituzten. Bozeramaileak errealitate hori euskal nortasunarekin lotu du, eta esan du «Gernikako seme-alabak garela”, euskal gizartea ez dagoela sorgor egungo genozidioen aurrean, ezta joaera inperialistak eta harrapariak izateko irrikaren aurrean ere. Ohartarazi du, gainera, ezegonkortasun horrek kontzientzia etikoa ez ezik, pertsonen eguneroko ongizatea kolokan jartzen duela, eta eragin zuzena duela erosketa-saskiaren prezioan, etxebizitza eskuratzeko aukeran edo erregaien kostuan.
Barnera begira, Tximi Lopezek irmo defendatu du Euskadiko elkarrizketa sozialaren indarraldia, ziurgabetasun-garaian ziurtasunak emateko tresnarik eraginkorrena baita. UGTk eta CCOOk Eusko Jaurlaritzarekin eta patronalarekin berriki lortutako akordioak nabarmendu ditu, eta adierazi du sindikatua ez dela konfrontazioaren beldur beharrezkoa denean, baina adostasunaren aldeko apustu irmoa egiten duela, betiere langileen bizitza hobetzeko balio badu. «Ez dugu adostea aukeratzen erraza delako, zaila baina beharrezkoa delako baizik», esan du, jarrera hori «gatazka antzua» eta negoziazioaren aurka oihukatzea nahiago dutenen jarrerarekin kontrajarriz.
Bere hitzaldian, euskal ekonomiaren egiturazko erronkei ere heldu die, hala nola, industria babestu beharra soldata duinak bermatzeko. Ildo horretan, Lopezek administrazioei eskatu die euro publiko bakar bat ere ez erabiltzeko deslokalizazioaren aldeko hautua egiten duten enpresentzat. Era berean, migratzaileen ezohiko erregularizazioa balioan jarri du, Euskadiren historia beste leku batzuetatik lan-duintasunaren bila etorri zirenei esker ere eraiki dela gogoratuz.
Azkenik, UGTko arduradunak erakundeei eskatu die etxebizitza oinarrizko eskubidetzat hartzeko, eta ez espekulazio-objektutzat, eta ziurtatu du aterpe duinik gabe ez dagoela gizarte-kohesiorik, ezta demokraziarik ere.

UGTren eta CCOOren aldarrikapen-manifestazio bateratuak ostiralean abiatuko dira Bilboko Jesusen Bihotza plazatik (11:30), Donostiako Alderdi Ederretik (12:00) eta Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazatik (12:00).
Visitas: 5

















