UGT Euskadik anbulantzia-sistema osoa berehala publiko egiteko eskatu dio Osakidetzari, horrela, azken urteotan zerbitzuan emandako bikoiztasuna eta honek eragindako arazo guztiekin amaitzeko. Sindikatuak eskakizun hori egin du Osasungintzako Mahai sektorialak gaur goizean Gasteizen egindako bileran.
Jasone Perez UGT Euskadiko osasun arloko arduradunak gogorarazi duenez, «ezinbesteko zerbitzua da, guztiz premiazkoa, eta, beraz, ez du enpresa pribatuen gorabeheren eta interesen mende egon behar». Zentzu horretan, Elgoibarren eta Tolosan egindako lehen urratsa balioan jarriz, «ahalik eta azkarren» Osakidetza osoan zerbitzua barneratzeko eskatu du, «horrek, herritarrei ematen zaien arreta hobetzeaz gain, kudeaketa merkatzea ahalbidetuko baitu». Errioxako Autonomia Erkidegoan egindako prozesu arrakastatsua jarri du adibide gisa.
UGT Zerbitzu Publikoetatik, gainera, Osasun Ministerioarekin Estatutu Markoaren Legearen aurreproiektua izapidetzen hasteko lortu berri den akordioa nabarmendu nahi izan du, «lorpen handia da, 3 urteko negoziazioaren emaitza, 60 bilera baino gehiago eginda». Perezen arabera, lege horrek «nabarmen hobetuko ditu osasun-langileen lan-baldintzak, Osakidetzako langileenak barne».
Mahai sektorialean, bestalde, egiteke dauden hainbat gairi heldu zaie. Horien artean dago, besteak beste, errelebo-kontratua ahalbidetzea hura aukeratu nahi dutenentzat, 2025eko apirilaren 1etik geldituta egon ostean, eta UGTk behin eta berriz erreklamatuta, administrazioak berak bileran aitortu duen bezala, azkenean egin ahalko da, etorkizuneko LEParen oinarri orokorretan jasota.
Bestetik, sindikatuak bere haserrea adierazi nahi izan du, 2021eko urritik mahai gainean dauden lizentzien eta baimenen negoziazioan aurrerapausorik eman ez delako, «beti sortzen baitira konponbidea atzeratzen duten gaiak». Oraingo honetan, Eusko Jaurlaritzak euskal Administrazioaren Mahai Orokorraren eremuaren mende jarri ditu. Horregatik, Perezek espero du «enegarren aitzakia ez izatea, Osakidetzako langileentzat hain garrantzitsua den gai bati buruz ari garelako”.
Azkenik, UGT Zerbitzu Publikoen federazioak agerian utzi nahi izan du bateraezintasunen araudia lortzea zaila dela, «1989ko lege batean oinarrituta arautzen baita eta nabarmen urratzen baita gaur egun».
Visitas: 9

















