Arantza Agote UGT Zerbitzu Publikoetako idazkari nagusiak parte hartu du gaur, Bilbon, egin den Euskadiko Osasun Itunaren lehen bileran, eta berretsi egin du sindikatuak osasun publikoaren defentsarekin eta hobekuntzarekin duen konpromisoa. Zerbitzu Publikoetako arduradunak azpimarratu duenez, “premiazkoa da egungo beharretara egokituko den egiturazko aldaketa bat ezartzea, Osakidetzak eraginkortasunez aurre egin ahal izan diezaien oraingo eta etorkizuneko erronkei”.
Horretarako, Agoteren ustez, beharrezkoa da profesionalen artean funtzioak hobeto banatzea, lantaldeak sendotzeko, “kide bakoitzaren trebetasunak eta gaitasunak ahalik eta gehien aprobetxatuz, kide guztiak ezinbestekoak baitira”. Ikuspegi horrek kategoria batzuetako langileen gabezia ordezka dezake, “zereginak modu orekatuagoan eta eraginkorragoan birbanatzearen” ondorioz. Horrela, sindikatutik adierazi dutenez, “gehien eskatzen diren profesionalen gaineko presioa murriztu daiteke, langile guztien gaitasunak maximizatuz”. Proposamenaren azken helburua da “herritarrei arreta emateko zerbitzu hobea eskaintzea, kalitatezko osasuna eskatzen duena, eta, aldi berean, sektoreko langileen ongizatea bultzatzea”.
Bileran zehar, UGT Zerbitzu Publikoetatik “Osakidetzari baliabide egokiak emateko” deia egin du, bertan egiten den inbertsioa handituz. Halaber, uste du “garrantzi handikoa” dela osasun-sistemaren kudeaketa eta aurreikuspena hobetzea, eta, horretarako, “profesionalen eta sektoreko sindikatuen esperientzia kontuan izan beharko litzateke erabakiak hartzerakoan”. Azken finean, Agotek adierazi duenez, “Osakidetzaren indarguneak eta gabeziak ezagutzen dituztenak dira, eta, beraz, haien ahotsa funtsezkoa da beharrezkoak diren erreformak gidatzeko”.
UGT-Euskadik, azkenik, lan-eskubideak defendatzeko konpromisoa berretsi du, “osasun-arloko profesionalen kolektiboaren eta horrek euskal herritarrei ematen dien zerbitzuaren aldeko proposamenak eta konponbideak egin ditugu beti”. Ildo horretan, argi eta garbi adierazi du “Osasunaren aldeko ituna arazoak konpontzeko tresna baliagarria izan behar” dela, elkarrizketa sozial “sendo eta iraunkorraren” garrantzia defendatzen duen ildo berean, langileen ahotsak entzun daitezen eta “sistema sanitarioa indartzeko politikak” ezar daitezen, “koroaren harribitxitzat” hartu zenak “merezi duen aitortza eta prestigioa berreskuratuz”.
Impactos: 7