UGT-Euskadik txalotu egin du Osakidetzak gaur Osasun Arloko Mahai Sektorialean egindako iragarpen ofiziala. Goizean Gasteizen egindako bileran, Iurretarako aurreikusita zegoen Osakidetzako biltegiak zentralizatzeko eta pribatizatzeko proiektuari behin betiko ateak itxi dizkiote, sindikatuak aspalditik salatu duena.
Horren harira, UGT-Euskadiko Osasungintzako arduradun Jasone Perezek iradoki du zuzendaritzak erabili nahi zuen eraikinean «Osakidetzarentzat makro-ikuztegi publiko bat sortu” dezaketela, 2008rako aurreikusitako proiektu bat berreskuratuz. Izan ere, “Bizkaian garbitegiekin arazo larri bat dago, Galdakaon izan ezik, denak kanporatuta baitaude». Arazoen artean, zehaztu duenez, «arropa hondatzez edota galtzea dago».
Perezek adierazi duenez, Mahaiak, ezarritako talde desberdinen bitartez, «lan handia egiten du jorratzeke dauden Osakidetzako langileen baldintzetan», eta positiboki baloratu du zuzendaritzak horiei heltzeko duen jarrera, «lan eskerga izanik, fruituak eman beharko lituzke, bai langileentzat, bai herritarrentzat, zerbitzu hobea izango baitute».
Hala, kontratazio-zerrendekin arazoak daudela berriro salatu arren, aurrerapen ugari daudela esan du, hala nola garapen profesionalean, lizentzia eta baimenetan, ordainsarietan, berdintasun-planaren garapenean, lanpostu funtzionalen dekretuan edo telelana, ekainaren 1etik aurrera martxan hasiko den «eskaera historikoa».
Visitas: 10